Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi du Jaurlaritza «legea betetzen» ari dela motibazio politikoko hainbat presori gradu aldaketa ematerakoan. Jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren Justizia Zuzendaritzak motibazio politikoko hamar bat presori hirugarren maila emateko baimena eman diela, espetxeetako Tratamendu Batzordeen proposamenak berretsi ondotik. Batzorde horiek egindako txostenak «behar bezala arrazoituta» egon dira eta «banakako espedienteetan» oinarrituta, Artolazabalen esanetan.
Voxeko Amaia Martinezek egindako kritikei erantzun die sailburuak, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Izan ere, Martinezek zalantzan jarri du Jaurlaritzak preso horiei emandako hirugarren gradua arrazoituta egotea: «Larritasun handiko delituak egin dituzten eta gizarteratzeko oinarrizko baldintzak betetzen ez dituzten presoei gradu progresioak eman zaizkie», salatu du Voxeko legebiltzarkideak.
Jaurlaritzak iazko urrian hartu zuen bere gain espetxeak kudeatzeko eskumena, eta, harrezkero 150 presori gradua aldatzea onartua bazuen ere, motibazio politikoko presorik ez zegoen horien artean. Azken asteotan, baina, graduz aldatzea baimendu die motibazio politikoko hamar bat presori. Artolazabalek azaldu du Jaurlaritzak espetxeen kudeaketa bere gain hartu zuenetik hiru espetxeetako Tratamendu Batzordeek erabaki dutela 330 presok bigarren graduan jarraitzea, eta, horietatik, 26 motibazio politikoko presoak izan dira. Beste 166 presori hirugarren gradua eman diete, eta horien artean daude aipatutako motibazio politikoko hamar presoak.
Artolazabalek azpimarratu du Tratamendu Batzordeak arduratzen direla gradu aldaketen inguruko erabakiak hartzen, eta diziplina anitzeko taldeek egiten dituzten txostenak «zorrotzak eta profesionalak» direla.