NBEk uste du lau milioi ukrainarrek utziko dutela herrialdea

Milioi bat ukrainarrek baino gehiagok utzi dute herrialdea dagoeneko. UNHCRk 1.500 milioi euro eskatu ditu «mendeko errefuxiatu krisi handienari» erantzun ahal izateko.

Eslovakian errefuxiatuentzat antolatu duten kanpaleku bat, asteaken goizean. MARTIN DIVISEK
mikel p ansa
2022ko martxoaren 2a
15:14
Entzun

Ukrainako iheslariak artatzeko plana ontzen ari da UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria. Egunotan jakinarazi duenez, kalkulatzen dute lau milioi herritarrek utziko dutela herrialdea hurrengo hilabeteetan, abuztura arte. Ukrainako biztanleria osoaren %10 litzateke hori, eta iheslari horietatik erdiei baino gehiagori (2,4 milioi pertsona) arreta emateko baliabideak atondu nahi ditu orain. Behin-behineko plana da, eta egokituz joan beharko dute denborarekin.

Ukrainarren ihesak ez du etenik. Otsailaren 24an, Errusiak erasoa hasi zuenean, 80.000 lagun inguruk utzi zuten herrialdea. Otsailaren 25ean, 120.000 inguruk. Geroztik, 150.000 lagunek baino gehiagok utzi dute herrialdea egunero. Martxoaren 1ean bakarrik, ia 200.000 lagunek utzi zuten Ukraina.

Ikusi gehiago: Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAren berriemaile bereziaren lehen kronika Ukrainako mugatik

Guztira 1.040.000 herritarrek gurutzatu dituzte mugak, leku seguruagoetara joateko. Pentsatzekoa da UNHCRk erregistratutako horiez aparte ere izango direla iheslari gehiago. Iheslari gehienak Polonia aldera doaz. Herrialdeak 550.000 iheslari baino gehiago hartu ditu astebetean. Hungariara ia 135.000 iritsi dira. Moldaviak 100.000 hartu ditu. Eslovakiak, 70.000. Eta Errumaniak, 50.000. Europako beste herrialde batzuetara joan dira 90.000 iheslari.

Bielorrusiara, iheslaririk ez

Bielorrusiara, berriz, ia ez da iheslaririk joan Ukrainatik. 357 besterik ez ditu zenbatu UNHCRk. Eta Errusiara joandakoen inguruan, datuak ez datoz bat. Nazioarteko erakundearen arabera, 48.000 inguru joan dira, baina, beste iturri batzuen arabera, 100.000 ere izan litezke. Ez dago argi Donetsketik eta Luhansketik Errusiara joandakoan 48.000 horietan zenbatu dituen UNHCRk edo ez.

Ukraina mendebaldeko herrialdeek 500 milioi euro beharko dituzte errefuxiatuei harrera egiteko abuztura bitartean, UNHCren arabera. Poloniak, Moldaviak, Hungariak, Errumaniak eta Eslovakiak jasoko lukete diru hori.

Horrez gain, 1.000 milioi euro gehiago beharko dituzte, Ukraina barruan sortuko diren beharrei erantzuteko; uste dute hurrengo sei hilabeteetan sei milioi pertsona inguruk laguntza beharko dutela Ukrainan bertan, gerrak sortutako gabeziengatik.

Guztira, lau milioi iheslari horiez gain, eta Ukrainan laguntza gorria beharko duten sei milioi herritar horiez gain, beste sei bat milioi herritarrek ere beharko dute babesa, UNHCR-ren arabera. Hamasei milioi lirateke guztira, herritar guztien herenak baino gehiago.

«Mendeko krisi handiena»

Shabia Mantoo UNHCRko bozeramaileak aste honetan esan duenez, baliteke«mende honetako errefuxiatu krisi handiena» izatea Ukrainakoa. Siriako gerraren ondorioz aurreko hamarkadan izan zen iheslarien krisia baino handiagoa ere bai.

UNHCRk egin duen kalkulu hori —litekeena dela lau milioi herritarrek ihes egitea— motz gera litekeela ere ohartarazi du, erakundea egunero ari delako egoera ebaluatzen, eta iheslarien joana etenik gabea delako.

UNHCRk seinalatu du beste herrialdeetara iritsi diren lehen iheslari horietatik gehienak baliabideak dituzten pertsonak direla: autoz edo ibilgailuren batean iritsi dira mugara, eta zenbaitzuek badute senide edo ezagunen bat herrialde horietan. Baina errefuxiatuen artarako erakundeak ohartarazi du gerra luzatzen bada eta hiri gehiagotan kalteak jasaten badituzte, baliabide gutxiago dutenak ere hasiko direla ihes egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.