EAJk «Euskadiko erronka demografikoari eta gizarte trantsizioari» buruz eztabaidatu du gaur goizean, Hernaniko Orona Ideo Berrikuntza Gunean (Gipuzkoa). Alderdiak Sabino Arana fundazioarekin batera abian jarritako Entzunez Eraiki egitasmoaren barnean antolatu dute mintegia, zeinak helburu baitu «gizartearekin konektatzea, pandemiaren osteko egoera batean», Xabier Barandiaran EBB Euskadi Buru Batzarreko Berrikuntza Politikoko burukide arduradunak EAJren VIII. Batzar Nagusian azaldu zuenez.
«Gai zabala» da erronka demografikoarena, Barandiaranek berak gaur adierazi duenez, baina, era berean, «momentu honetan gure herriak duen erronkarik garrantzitsuenetako bat» dela nabarmendu du. Mintegiak horri heldu nahi izan diola azaldu du, gaiak dituen lau «erronka» nagusien ikuspegitik: kontziliazioa, gazteen emantzipazioa, aniztasuna eta etorkinen integrazioa.
Entzunez Eraiki «gizartearekin harremana izateko eta herritarrei entzuteko prozesu bat» izatea nahi du EAJk, eta gaur egin duten mintegiaren gisakoak baliatu nahi ditu horretarako, alderdiaren barneko formakuntzez eta bestelako zenbait saioz gain. Horregatik, demografia langai duten zenbait gonbidatu ere izan dira gaurko saioan. Horietako bat, Amand Blanes UAB Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Ikerketa Demografikoen Zentroko ikerlaria. Hark eman dio hasiera gaurko saioari, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako joera demografikoen inguruko azalpenak emanez.
«Euskal gizarteak» azken urte eta hamarkadetan «aldaketa demografiko sakonak jasan» dituela adierazi du Blanesek; berezituak, Mendebalde osoari ere eragin badiote ere. Joera horiei, hala ere, «baikor» begiratu behar zaiela nabarmendu du. Baita populazioaren zahartzeari ere, prozesu hori «lehengoratzea oso zaila» izango dela aitortu arren. Esaterako, zahartze horren ondorioz herritarrek eta gizarteak orokorrean izango dituzten ezaugarriei erreparatzea eta aurrea hartzea proposatu du, neurri eraginkorrak hartzeko. «Ez gara gai jakiteko zer ezaugarri izango dituen jendeak zahartzean».
Ugaltze tasan izandako beherakada ere izan du hizpide. Emakumeen %90ek haurrak izan nahi dituztela azaldu du, Espainiako datuetan oinarrituta —datuok Araba, Bizkai eta Gipuzkoara estrapolatu litezkeela zehaztu du—, eta horietatik gehienek bi haur izatea desio dutela. Alabaina, nahi hori ez da islatzen errealitatean, ñabartu duenez, eta hori da gakoa harentzat: aztertzea zergatik ez diren betetzen «espektatibak». Aurkeztu dituen datuetan oinarrituta, argudiatu du arrakala hori «arrazoi materialek» eragiten dutela; hots, lan eta bizi baldintza egonkorrik ezaren ondorioz atzeratzen dutela gehienek ugalketa garaia. «Nahiak ez dira hainbeste aldatu; aukera materialak aldatu dira», esan du. «Botere publikoek» horretan esku hartu behar dutela uste du Blanesek, «emantzipazioa» ahalbidetuko duten baldintzak bermatzeko.
Migratzaileen beharra
Azkenik, migrazioaz aritu da Blanes. Demografiaren bilakaera baldintzatuko duten faktore nagusietako bat izango da datozen urteetan, haren arabera. «Euskal gizarteak migrazio joan-etorrien beharra izango du, eta, horrenbestez, politiken ikuspegitik aztertu beharrekoa ez da hainbeste zenbaterainokoak izango diren joan-etorri horiek, baizik eta nola integratu daitezkeen gizartean».
Egun, Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara iristen den herritarren gehiengoak jatorria Espainiako Estatuan duela zehaztu du, eta ezer gutxi aldatu dela horien pisua azken hamar urteetan. Handik kanpo jaiotakoen proportzioa, berriz, %12 dela esan du, eta espero dela hazten jarraituko duela. Komeni ere hala komeni dela nabarmendu du, «ekonomiak dituen beharrei» erantzuteko.