«Emakumeak ginelako eta gure eskubideak aldarrikatu genituelako kaleratu gintuzten. Borrokak merezi du». Bihotza Zabala Bilboko IMQ sarerako lan egiten duten 76 langileetako bat da, eta aurki itzuliko da azken urteetan bere lanpostua izan den horretara. Pozik dago, eta aspaldiko partez lasai egin du arnasa; izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Vicente San Sebastian klinikak eta Zorrotzaurreko Mediku Kontsultategiak iragan abenduan 31n harturiko erabakia. IMQ sareko bi klinikek garbiketa azpikontratatua zuten azken hamarkadetan, eta kate hori kolpetik eten zuten garbitzaile propioak izateko. Epailearen ustez, 76 garbitzaile horien subrogazioa eskubidea urratu egin da, eta horregatik deritzo kaleratze bidegabeak direla. Orain, klinikek langile propio gisa kontratatu beharko dituzte garbitzaileak.
Garbitzaileek goizean jaso dute albistea, eta arratsaldean ELA sindikatuak Bilbon duen egoitza nagusian bildu dira —LABek ere epaia txalotu zuen—. ELAk antolatu ditu langileak, eta bere gain hartu zuen defentsa. Une hunkigarriak izan dira, besarkada, poz malko, oihu, muxu eta jauziz beterikoak. Gehienak emakume helduak dira, urte asko daramatzatenak IMQn lanean, eta beren buruak kolpetik kale gorrian ikustea bizkarreko handia izan zen.
IMQk iragan azaroan jakinarazi zuen ez zuela berrituko Gizatzen garbiketa azpikontratarekin zuen kontratua. Langileek soldata arrakala amaitzeko greba bat egitera deitu eta bi egunera izan zen. «Lege iruzurra eta zuzenbide abusua egozten dizkio IMQri», azaldu du Haimar Kortabarria abokatuak. «Langileak subrogatu behar zituen, eta legea urratu egin du hori ez egitean», gehitu du.
Florentino Eguaras epailearen ebazpenak asko sakontzen du genero aldagaian. Ospitaletako garbitzaileen sektorea oso feminizatua dela nabarmendu du, «genero arrakala %20 ingurukoa» dela, eta langileak normalean atomizatuta egoten direla. IMQko garbitzaileen kasua, baina, ez zen hori, eta antolatuak zeudela aitortzen die. Alde horretatik, ondorio argigarri batera iritsi da: «Kaleratuek gizonezko eta emakumezkoen artean dauden lan baldintzen aldea salatu nahi izan badute, eta kaleratzeek emakumezkoen kolektiboari eragiten badiote, kaleratzeak baliogabeak direla esateko bide berri bat irekitzen da: sexu diskriminazio arrazoi bat dago».
Bi soldata eta 1.000 euro
IMQk 76 langileak kontratatu beharko ditu, abenduan zituzten baldintzetan, eta tramitazio soldatak ordaindu beharko dizkie (urtarrila eta otsaila). Era berean, 1.000 euro eman beharko dizkio langile bakoitzari, eta 40.000 euro ELA sindikatuari. Horrez gain, garbitzaile horiek ordezkatzeko kontrataturiko langileekin zer egin erabaki behar du.
Sindikatuen ustez, garbitzaile berri horiek aurrekoek baino baldintza txarragoak zituzten. Aurrekoak kaleratzeko arrazoia urteekin pilaturiko eskubide eta antzinatasun gainsariak ziren. Esaterako, iaz epaitegietan lorturiko toxikotasun gehigarri bat. ELAko abokatuek epaiketan salatu zuten klinikekin izandako negoziazioetan enpresako ordezkariek onartu zutela garbitzaile multzoa «garestiegia» zela. Haien soldata oinarria 1.040 eurokoa da, eta IMQk iaz hamahiru milioi euro banatu zituen dibidendutan.
IMQk Auzitegi Gorenera jotzeko eskubidea du. Hala balitz, ITP-PCBk kaleratu nahi izan zituen 83 langileek bizi izan duten egoera errepikatuko litzateke: garbitzaileak etxean egongo lirateke, gizarte segurantzan izena emanda, eta soldata osoa kobratzen.
Lan gatazkak
IMQk berriz kontratatu beharko ditu kaleratu zituen 76 garbitzaileak
EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du klinikak lege iruzurra egin zuela. Epailearen ustez, «sexu diskriminazioa» egon da, langileek genero arrakala salatu zutelako greban
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu