Kontratazioak

Caballeroren anaiaren bulegoa nahieran kontratatu izana leporatu dio EH Bilduk Iruñeko Udalari

Asironen esanetan, udalak kontratazioa justifikatu gabe eta eskaintza gehiago eskatu gabe itxi zituen akordioak abokatu bulego horrekin. Udalak mahai gainean jarri EH Bildu salatzeko aukera, baina onartu egin du Caballeroren anaiaren bazkide bat kontratatu zuela.

Joseba Asiron, artxiboko irudi batean. IñGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko martxoaren 2a
11:42
Entzun

EH Bilduk salatu du Iruñeko Udalak hiru aldiz kontratatu duela Maria Caballero bigarren alkateordearen anaiaren abokatu bulegoa, enkargua kanpora ateratzea justifikatu gabe eta eskaintza gehiago ba ote zen argitu gabe. Guztira 11.000 eurotik gorako gastua dela salatu dute, «juridikoki udal aholkularitzaren bitartez» tratatu zitezkeen gaietarako. Erabaki horiekin Navarra Sumaren interesak defendatu izana leporatu diote udal gobernuari.

Joseba Asiron eledunaren esanetan, udalak bulegoaren «espezializazioa» argudiatu duen arren, hiru kasuek ez dute elkarren artean zerikusirik: «Komunean duten gauza bakarra da Navarra Sumaren erabaki politikoak babesteko izan direla». Hiru enkarguak 2020ko otsailetik 2021eko urrira bitarte egin zituzten, eta, EH Bilduren ustez, «karga politiko handiko gaietan» Navarra Sumaren erabakiak defendatzeko erabili ziren.

Lehen kontratazioa Comiruñako dieten diru sarrerak defendatzeko asmoz sinatu zuten, 2020ko otsailean. EH Bilduren esanetan, Navarra Suma taldeko zinegotziek dietak ez itzultzeko helburuz kontratatu zuten abokatu bulegoa. Horretarako, 3.675 euroko ordaindu zizkioten, Asironen arabera, aurrez lanen inguruko aurrekonturik eskatu gabe.

Urte bereko urrian, udal idazkari berriak kontratatzeko deialdia eteteko erabili zituen Iruñeko Udalak bulegoaren zerbitzuak. «2.450 euro ordaindu ziren, eta ez zen beste aurrekonturik eskatu», salatu du Asironek. Urtebete geroago, berriz, Gazteria eta Berdintasun teknikariak aukeratzeko prozesuan eragin zuen bulegoak. Orduan, 4.900 euro ordaindu zizkion udalak, EH Bilduren arabera.

Kontratuen legezkotasuna alde batera utzita, Asironek salatu du funts publikoen erabilera kudeatzeko garaian beharrezkoa dela «modu eredugarri eta arduratsuan» jokatzea, «klientelismoa baztertzeko eta fabore tratuaren susmoak saihesteko». Izan ere, EH Bilduren arabera, ohiko jokabide bilakatu da legealdian: «Argi eta garbi erakusten dute legegintzaldi honen erretratua, zeina ez baita historiara igaroko bertute etiko eta politikoen adibide gisa».

«Espezializazioak»

Akusazioen aurrean, Iruñeko Udalak mahai gainean jarri du auzitegietara jotzeko aukera, ustezko irainen delitu bategatik. Udalaren arabera, aipatutako hiru kasuak «zinegotziekin inolako harreman familiarrik ez duen abokatu baten» esku utzi zituen. Hala, argudiatu du ohikoa dela zerbitzu juridikoek zerbitzuak azpikontratatzea, eta gehitu kontratu horiek «espezializazioen» arabera ematen direla. Udalak jakinarazi duenez, baina, Alberto Anderez da hiru prozesu horietarako kontratatutako abokatua, Alcan abokatu bulegoko bazkidea. Harekin batera, bulegoko bazkide da Javier Caballero ere, Nafarroako presidenteorde ohi eta Navarra Sumako zinegotzi Maria Caballeroren anaia.

Erakundeak azaldu duenez, EH Bilduk aipatutako hiru kasuak koalizio subiranistarekin lotura duten aferak dira. Lehena EH Bilduk udalaren erabaki baten aurka hasitako prozesu bat da. Langileen kontratazioekin lotutako biak, berriz, aurreko legealdian hasi eta orain Navarra Sumak atzera botatako deialdiak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.