Errefuxiatuak jasotzeko prest agertu dira Hegoaldeko gobernuak

Eusko Jaurlaritzak 150 plaza prestatu ditu Irunen, asilo eskatzaileak jasotzeko. Nafarroako Gobernuak jarraipena egiteko talde bat eratuko du.

Bingen Zupiria, gaur goizeko agerraldian, Gasteizen. IREKIA
Iosu Alberdi.
2022ko martxoaren 1a
17:01
Entzun

Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza martxan jarri dira Ukrainatik iristen diren herritarrei harrera egiteko. Nafarroako presidente Maria Txibitek adierazi du «mahai gainean jarri ditzaketen baliabideak» antolatzen eta koordinatzen hasi direla. Jaurlaritzak, berriz, abiatu ditu asilo eskatzaileak jasotzeko prestaketa lanak, Bruselaren irizpideen esperoan.

Nafarroako Gobernuak biharko gobernu bileran tratatuko du Ukrainako afera, baina, Txibitek aurreratu duenez, jarraipena egiteko talde bat sortuko dute, besteak beste Etxebizitza, Hezkuntza, Osasun eta Gizarte Zerbitzuetako sailek osatua. Haren helburua izango da «harrera humanitarioa» bideratzeko prestaketa lanak egitea; hau da, eskura dituzten baliabideak zehaztea eta horiek erabiltzeko beharrezko protokoloak ezartzea.

«Hau amaitzea desio dut, baina prest egon behar dugu, Nafarroaren laguntza beharrezkoa balitz ere», azaldu du Txibitek, eta agertoki «okerrenerako» prestatu beharra nabarmendu du. Presidenteak gogorarazi du Nafarroak «elkartasunez» jokatu izan duela beti, eta orain ere hala izango dela. Horretarako, udal administrazioei ere dei egin die; besteak beste, harrera egiteko familiak beharko balira ere: «Baliteke familia osoak etortzea eta bizi baliabideen beharra izatea, edo baliteke haurrak etortzea eta familia baliabideak aktibatu behar izatea».

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, berriz, gaur izan du hizpide gerra, eta, Bingen Zupiria eledunaren esanetan, «ahalik eta erantzun solidarioena eta humanoena» emateko lanean hasi dira. Batetik, Ukrainan dauden euskal herritarren zein Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden ukrainarren jarraipena egiten ari da erakundea, Espainiako Atzerri Ministerioarekin harremanetan. Bestetik, Europako Batasunak ukrainarrei «behin-behineko babesa emateko» ezarri ditzakeen irizpideen zain dago gobernua, erantzun bat emateko.

Izan ere, errefuxiatuei harrera egitea jo du Jaurlaritzak «lehentasuntzat», eta horretarako lehen urratsak ere egin ditu. «Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du, berriro, eta bere laguntza eskaini du Ukrainako gerratik ihesean dabiltzan pertsonei harrera egiteko», azaldu du erakundeko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek. Hala, Sailak jakinarazi duenez, Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak 150 plaza prestatu ditu Irungo (Gipuzkoa) igaroan dauden migratzaileentzako zentroan. Hura irits daitezkeen ukrainarrentzako lehen instantzia izatea nahi dute. «Badakigu egonaldi oso laburrak egiteko pentsatutako baliabide bat dela», azaldu du Artolazabalek, baina uste du «berehalakoan» erantzuteko balioko duela, «baliabide egokiagoak» topatu bitartean. Horiek lirateke zuzendaritzak Berrizen (Bizkaia), Tolosan eta Oñatin (Gipuzkoa) dituen zentroak. Izan ere, haietara bideratu nahi dituzte asilo eskatzaileak. Horretarako, hiru zentroak «berrantolatzen» ari da saila, «epe ertainera eta luzera harrera plaza gehiago gaitzeko».

Elkarlana

Jaurlaritza ez da bakarrik ariko. Herritarren laguntza kudeatzeko helbide elektroniko bat —[email protected]— ahalbidetu du, herritarrengandik jasotako «eskaintza solidarioak» kudeatzeko. Era berean, erakunde arteko elkarlanari ere heldu dio. Jaurlaritzako ordezkariak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietako eta hiru hiriburuetako udaletako ordezkariekin bildu dira goizean, beste hainbat erakundetako kideekin batera; hala nola Eudel, Caritas, CEAR, Zehar Errefuxiatuekin eta Gurutze Gorria. Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi du «beharrezko baliabide guztiak» bideratuko dituztela Ukrainatik ateratzen diren herritarrak «berme guztiekin» artatzeko, eta Bizkaikoa eta Arabakoa ahalik eta harrera onena emateko prest agertu dira.

Jaurlaritzako ordezkarien bilerak, baina, ez dira amaitu. Erkidegoko klusterrekin bilduko dira ostegunean, gerrak eragindako ondorio ekonomiko eta komertzialak aztertzeko. Eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren ukrainarren elkarteekin eta Txernobylgo (Ukraina) umeen harrera familien elkarteekin biltzeko asmoa ere adierazi du. Haietako batek, Chernobil elkarteak, diru bilketa bat hasi du Erradiazioa eta, orain, gerra lelopean. Azaldu dutenez, eremu hartako haurrentzat eta haien familientzat erabiliko dira funtsak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.