Alderdiak

UPNren Berme Batzordeak militantzia eten die Sayasi eta Adanerori, bi urte eta erdiz

Batzordeak ebatzi du arau hauste larria dela otsailaren 3ko lan erreformaren aurkako bozketan zuzendaritzaren irizpideen aurka bozkatu izana.

Sergio Sayas, otsailaren 7an, UPNren egoitzan sartzear berme batzordearen aurrean azalpenak emateko. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko martxoaren 1a
12:49
Entzun

Behin betiko erabakia da. Duela hiru aste egindako proposamena berretsi du UPNren Berme eta Diziplina Batzordeak. UPNren estatutuen arabera, ondorioztatu du Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas diputatuek arau hauste larria egin zutela lan erreformaren bozketan. Hala, bi urte eta sei hilabetez militantzia eten die biei, eta, epe berean, ezingo dute alderdiaren izenean kargu publikorik izan.

Otsailaren 10ean ebazpen bera proposatu zuen Berme eta Diziplina Batzordeak, eta, behin diputatuen alegazioak entzunda, ondorio hori bera berretsi du. Orain, bi diputatuek hamar eguneko epea izango dute helegitea aurkezteko Kontseilu Politikoaren aurrean. Kontseilu hori alderdiaren organo gorena da kongresu arteko epeetan, eta, berme batzordeak esku hartu aurretik, bi diputatuak kanporatzeko zuzendaritzak egindako eskaera babestu zuen, otsailaren 5ean.

Adanerok aurreratu du ez duela diputatu akta itzultzeko asmorik. «Azkenean argi dago kanporatu nahi gaituztela enbarazu egiten dugulako, eta Sanchezen sostegu izateko estrategia horren aurrean, oztopo bat garela. Kendu eta bota beharreko arazo bat gara, Horregatik kanporatu nahi gaituzte». Nahiz eta oraindik ere apelazio helegitea aurkezteko aukera izan Adanerok aurreratu du ez duela egingo: «Nola egingo dugu hori, baldin eta kontseilu politikoaren %80k gu kanporatzeko eskatu zuenean, nahiz eta estatutuen arabera ezinezkoa izan hori egitea?». Gaineratu du alderdiak aldatu duela norabidea: «Guk lehengo tokian jarraitzen dugu».

Albistea jakin eta berehala, Sayasek deitoratu du berme batzordeak ez dituela aintzat hartu bere azalpenak. Bere ustez, euren aurkako barne prozedura hasi zen unetik erabakita zegoen eta de facto alderditik «kanporatu» nahi izan dituzte. Esparza egin du egoeraren arduradun: «Erabaki du UPN zatitzea, eta gauzak bere modura egiten jarraitzea, eztabaidarik eta kritikarik egin gabe, alegia». Bere hitzetan, UPNko estatutuen aurkako erabaki bat argudio teknikoekin «jantzi» nahi izan du berme batzordeak , «kontrapisu eta ahots alternatiborik gabeko lidergo baten mesedetan». Guzti horrekin Esparzak UPN ahuldu egiten duela uste duori lortzeko bidean da», iragarri du Sayasek.

Batzordearen argudioak

Berme eta Diziplina Batzordeak «frogatutzat» jo du UPNren zuzendaritza exekutiboak alderdiko goi karguen eskuetan utzi zuela lan erreformaren bozketari begirako negoziazioen ardura —zehazki, Jose Javier Esparza presidenteari, Yolanda Ibañez idazkari nagusiari eta Enrique Maia presidenteordeari— . Hori urtarrilaren 31ko bilera batean zehaztu zen, eta, batzordearen arabera, «ezein kide ez zen aurka azaldu». Bilera hartan izan ziren Adanero eta Sayas ere bai.

Berme Batzordeak ondorioztatu du botoa finkatzeko prozesu hori alderdiaren estatutuen araberakoa izan zela, haren exijentziak bete zituela. Negoziazio hartan Esparzak eta haren taldeak akordio bat erdietsi zuten Madrilgo gobernuarekin, bost puntukoa, eta, horren truke, lan erreformaren alde bozkatzeko agindu zien bi diputatuei, bozketaren bezperan, otsailaren 2ko arratsaldean.

Hala, Berme Batzordearen arabera, ondorengo 24 orduetan bi diputatuek ez zioten inoiz jakinarazi lan erreformaren aurka bozkatuko zutela eta jarrera hori zuzendaritzaren irizpideen aurkakoa zela. «Uste dugu bi diputatuek alde bozkatzeko aginduari men ez egiteko borondatea zutela, baina, hori bakarrik ez: erabaki zutela bezperako agindua ez betetzea eta erabaki horren berri ez ematea UPNko zuzendaritzari».

Arau hauste larria, ez arina

Arau haustearen kalifikazioa egiterakoan, batzordeak ulertu du «larria» izan dela, eta ez arina, «botoaren zentzua ezkutatu nahi izan ziotelako zuzendaritzari». Estatutuen 107.1 artikuluak aipatzen du zuzendaritzaren irizpideei men ez egitea arau hauste arina dela, baina, Berme Batzordearen arabera, hori ezkutatzeko borondateak larri bihurtu du, «alderdiaren irudiari kalte egin zaiolako». Batzordearen arabera, erabakiaren berri eman izan balute arau hauste arina izango litzateke.

Hasieran, aukera horri buruz hitz egin zen, baina bi diputatuak ez dituzte erabat kanporatu, horretarako arau hauste oso larria izan beharko lukeelako. Batzordeak ez du azaldu aukera horri buruz hitz egin duten. Proposatutako zigorra estatutuen 108.2 artikuluan datorrela esatera mugatu da.

Erabakiak bete-betean eragingo die bi diputatuei, ezingo baitira aurkeztu UPNren zerrendetara, ez foru hauteskundeetara, ez eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara ere. Izan ere, bi deialdi horiek, ezusterik ezean, 2023an egitekoak dira; bata, udaberrian, eta bestea, berriz, udazkenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.