CNIk parte hartu du Pablo Gonzalezen atxiloketan, haren abokatuaren arabera

Espainiako zerbitzu sekretuetako agenteek kazetariaren senideak galdekatu zituzten, Público-k zabaldu duenez. Haren abokatu Gonzalo Boyek baieztatu du informazio hori. Gonzalez inkomunikatuta dago oraindik, atzo atxilotua izan eta gero.

Gonzalo Boye Pablo Gonzalezen abokatua, artxiboko irudi batean. EMILIO NARANJO / EFE
Julen Aperribai.
2022ko martxoaren 1a
12:33
Entzun

Opakutasun laino bat dago oraindik ere Pablo Gonzalez kazetariaren atxiloketaren gainean, Polonian atzeman zutenetik egun bat igaro den honetan. Inkomunikatuta jarraitzen du, haren abokatu Gonzalo Boyek BERRIAri baieztatu dionez. «Goiz guztia egin dugu hango agintariekin hizketan, haiek elkarri pasatzen baitiote pilota. Fiskaltzaren zain gaude, jakiteko ea zer informazio eman diezaguketen; hori da maila», azaldu du. «Poloniaren interesen kontra» egitea egozten diote Gonzalezi, Boyeren arabera. Horrek zer esan nahi duen, ordea, ez diete zehaztu, azaldu duenez. «Imajina dezaket zer esan nahi duen, baina ez diet neuk erraztuko lan hori».

Gonzalezen atxiloketari buruzko informazio ofizialaren faltan, puzzlea osatzen lagun dezakeen informazioa argitaratu du Público hedabideak —Gonzalezek kolaboratzaile jarduten du bertan—, eta haren egiazkotasuna baieztatu du Boyek: «Artikuluak dioen guztia egiaztatu dut, eta dena egia da». Hedabide horrek zabaldu duenaren arabera, Ukrainako eta Espainiako zerbitzu sekretuek elkarri lagundu diote kazetariaren atxiloketan.

Izan ere, duela ia hilabete ere atxilotu zuten Gonzalez, Donbassen zegoela. Hango egoeraren berri ematera joana zen, beste zenbait kazetarirekin batera. Zehazki, gatazka egoeratik kanpoko eremuan zeuden herritarren egoera ezagutarazteko lanean ari zen. Ukrainako zerbitzu sekretuen dei bat jaso zuen orduan. Lehenbailehen Kievera joateko esan zioten, galdeketa bat egin ziezaioten. Sartu aurretik, lankideei abisu eman zien, Público-ren arabera: «Bi ordu barru atera ez banaiz, nire atxiloketaren berri eman sare sozialetan». Hala egin zuten.

Público-k zabaldu duenez, galdeketa horretan «errusiazaletzat» jo zuten Gonzalez, Gara-rentzat lan egin izana egotzi zioten, eta susmagarritzat hartu zuten Laboral Kutxako kreditu txartel bat izateagatik. Errusieraz ondo jakiteak eta inguruaz zuen ezagutzak ere sorrarazi zizkien susmoak zerbitzu sekretuei, hedabide horren arabera. Azkenean, hiru eguneko epean Ukrainatik alde egitera «gonbidatu» zuten, nahiz eta kanporatze agindurik ez zioten ezarri.

Artean Ukrainan zegoela, CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako agenteak Gonzalezen senideen etxeetara joan ziren, Euskal Herrian eta Katalunian, Gonzalezen inguruko informazio eske. Horren berri izatean, Boyek Gonzalezi lehenbailehen Espainiako Estatura itzultzeko eskatu zion, abokatuak BERRIAri adierazi dionez: «Esan nion berekin hitz egin nahi zutela, eta onena zela elkarrizketa hori Espainian gertatzea, eta ez Ukrainan». Etorri zenean, baina, inork ez zuen harengana jo, azaldu duenez. «Berriz hara itzuli arte itxaron dute haren kontra egiteko».

Espainiako Gobernua, isilik

Otsailaren 25ean hartu zuen Varsoviarako hegazkina Gonzalezek, gero handik mugara joateko, Ukrainatik ihes egindako errefuxiatuen egoeraren berri ematera joan baitzen. Handik hiru egunera atxilotu zuten Poloniako zerbitzu sekretuek, ostatu hartua zuen hotelean, Rzeszow hirian, Ukrainako mugan. Harekin batera joandako beste kazetari batekin harremanetan jarri da Público, zabaldu duenez, eta, haren arabera, Ukrainako zerbitzu sekretuek Gonzalezi segitzeko eskatu zioten Espainiakoei, eta baita Poloniakoei ere. CNIrekin hitz egiten ere saiatu da hedabidea, baina ez du erantzunik jaso.

Espainiako Gobernua ez ikusiarena egiten ari dela salatu du Boyek: «Esan digute ez dakitela ezer, nahiz eta atxiloketaren inguruko informazio ofiziala igorri dieten». Gonzalezen egoera salatu ez dutenen «isiltasun konplizeak» ere gaitzetsi ditu abokatuak: «Egoera batzuetan, kazetariek zerbait esan beharra daukate, haien jarrera edozein dela ere. Nire galdera da zer egingo dugun atxilotutako kazetaria beste bat denean, eta ez Pablo».

Azken orduetan izan da mugimendurik Madrilen aferarekin lotuta, hala ere. Atzo, EH Bilduk Espainiako Gobernuari informazioa eskatu zion Gonzalezen atxiloketaren inguruan, gutun baten bidez. Gaur, Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak Twitterren salatu du Espainiako Atzerri Ministerioak ez duela afera konpontzeko «inolako konpromisorik» agertu eta gainerako alderdiek gaiaren inguruan egindako galderek erantzun gabe jarraitzen zutela. Handik ordu gutxira, baina, Iñarrituk berak, beste txio batean, jakinarazi du Espainiako Atzerri Ministeriotik deitu diotela. Diputatuak azaldu duenez, Espainiako Atzerri Ministerioa prest agertu da Gonzalezi «laguntza» emateko eta abokatuarekin hartu-emana izan dezan «beharrezko lanak» egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.