Klima larrialdia

Klima aldaketaren ondorioak «orokorrak eta atzera-bueltarik gabekoak» dira jada

IPCCk seigarren ebaluazio txostenaren bigarren atala kaleratu du Genevan. Munduko biztanleen erdiak kalteberak dira klima aldaketaren ondorioei begira.

Herrialde askotako elikadura horidura arriskuan da klima aldaketaren erruz. IDREES MOHAMMED / EFE
inaki petxarroman
2022ko otsailaren 28a
13:16
Entzun

Berotegi gasen isurketen murrizketaren erritmoak eragina izango du kalteen larritasunean, baina klima aldaketaren ondorioak jadanik atzera-bueltarik gabekoak dira zenbait kasutan. Gizarteei egokitzea tokatzen zaie, baina zientzialariek ohartarazi dute horretarako hartutako neurriak «epe laburrekoak» eta «mugatuak» direla oraindik. Termometroak gora egiten duen gradu hamarren bakoitzak handitu egingo ditu gizarteek eta ekosistemek pairatuko dituzten kalteak: goseteak, pobrezia eta gerrak.

Genevan aurkeztu berri du IPCCk seigarren ebaluazio txostena. Iazko abuztuan aurkeztu zuen txosten horren lehen atala, eta apirilean kaleratuko du hirugarrena. Azken horretan, berotegi gasen isurketak nola murriztu aztertuko du.

Mundu osoko 270 zientzialarik osatu dute txostena, eta 34.000 ikerketa egin dituzte horretarako. 2014an egindako txostenaren jarraipena da oraingo hau, eta jadanik agerian utzi du klima aldaketa antropogenikoak okerreko bidea egin duela zortzi urte hauetan: jadanik kalteak «orokorrak» dira, eta «atzera-bueltarik gabekoak» kasu askotan. 2014an, IPCCk zioen kalteak izateko arriskua «handitzen» ari zela. Mendien gailurretatik ozeanoen hondoraino, ekosistemak eta lurreko bizitza gero eta kalteberagoak dira klima aldaketaren aurrean: bero boladak, lehorteak, uholdeak eta suteak gero eta ohikoagoak dira, eta izango dira. Aurreikusitako hipotesirik txarrenean, IPCCk iragarri du munduko espezieen (animaliak eta landareak) %48k desagertzeko arrisku handia dutela. Hipotesirik baikorrenean, batez beste tenperatura 1,5 gradu igoko balitz, espezieen %14k lukete desagertzeko arrisku handia.

Zientzialariek sumatuak dituzte patroi aldaketa garrantzitsuak munduko espezieen erdietan. Euren habitata aldatu dute klima aldaketari aurre egiteko, bai ekuatoretik poloetarantz urrunduz, bai altitudean gora joanez, klima epelagoen bila.

Ur eta elikagai hornidura

Klima aldaketaren ondorioz, ur eta janari hornidura gutxitzen ari da, eta horrek arriskuan jarriko ditu milioika pertsona, bereziki uharte txikietan, Artikoan, Afrikan, Asian, eta Hego eta Erdialdeko Amerikan. Bero boladek eta muturreko fenomenoek, berriz, mundu osoari egiten diete mehatxu, hilgarritasuna handituz eta gaixotasun berriak eraginez. Nekazaritzarako, arrantzarako, turismorako eta kanpoko lanetarako ere mehatxu bat da gero eta handiagoa den estres termikoa. Munduko biztanleen erdiak (3,3 eta 3,6 mila milioi biztanle) oso kalteberak dira klima aldaketaren ondorioen inguruan, IPCCren txostenaren arabera.

Egoera hori okertu egingo da tenperatura igotzen den gradu bakoitzarekin. Oraingoz herrialdeek hartu dituzten konpromisoak betez gero, munduko tenperatura 2,7 gradu berotuko da mende honen amaierarako. Dagoeneko 1,2 gradu berotu da industria aurreko garaiarekin alderatuta. Esate baterako, Europan bi edo hiru aldiz pertsona gehiago arriskuan izango dira estres termikoaren aurrean hiru graduko berotzea izango balitz, 1,5 graduko berotzea izango balitz baino. Espezieen desagertzea ere hamar aldiz handiagoa izango litzateke mundu osoan.

Egokitzeko neurri eskasak

IPCCk ezinbestekotzat jo du klima aldaketaren ondorioetara egokitzea. Oraingoz, baina, aldaketen abiadura egokitzearena baino bizkorragoa dela ohartarazi dute txosten egileek. «Aldaketa gehienak eskala txikiikoak, progresiboak eta epe motzari begirakoak» direla ohartarazi dute. Herrialde kalteberenek egokitzeko aukera izan dezaten finantzaketa handitzeko beharra dagoela jakinarazi dute. Halaber, natur ekosistemen berreskuratzearen aldeko apustua egin dute, egokitzea bermatzeko. Besteak beste, deforestazioa eta natur ekosistemen suntsiketa etetea, kostaldeen urbanizazioari galga jartzea eta hirietako gune berdeak zabaltzea. Munduko ekosistema zenbait –koralezko uharriak, oihan tropikalak eta poloak, besteak beste– atzera bueltarik gabeko aldaketen atarian daudela ere ohartarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.