Miren Agur Meabe (Lekeitio, Bizkaia, 1962) idazle eta itzultzailea euskaltzain oso izendatu du gaur Euskaltzaindiak, Donostian egin duen osoko bilkuran; Xabier Kintana euskaltzain emerituaren tokia hartuko du. Gehiengoa eskuratu du bozketan.
Iazko urrian izendatu zuten Kintana euskaltzain emeritu. Eta haren hutsunea betetzeko bozketa egin dute gaur. Miren Agur Meabe zen euskaltzainek aurkeztu zuten hautagai bakarra, eta haren aldeko hautua egin dute gaurko bilkuran.
Literaturan ibilbide oparoa du, eta hainbat sari ere jaso ditu. Besteak beste, kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema liburuengatik. Hiru aldiz eskuratu du, berriz, Euskadi saria: Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) nobelei esker. Mila magnolia-lore albuma 2021ko IBBYren Ohorezko zerrendan ageri da, eta iaz Espainiako Poesia Saria irabazi zuen, Nola gorde errautsa kolkoan lanagatik. Literatur itzulpengintzan ere aritzen da tarteka.
Egun, 24 euskaltzain oso daude Euskaltzaindian: Sagrario Aleman, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Miren Azkarate, Miren Agur Meabe, Jean-Baptiste Coyos, Patxi Goenaga, Roberto González de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Andoni Sagarna, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Ana Toledo, Miriam Urkia, Andres Urrutia, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta eta Mikel Zalbide. Horrez gain, zazpi euskaltzain emeritu, ia 150 euskaltzain urgazle eta 68 ohorezko euskaltzain daude.
Ohorezko euskaltzain berriei diplomak banatzeko tartea ere hartu dute bilkuran.