Lan gatazkak

Bizkaiko autoeskoletan grebari eutsiko diote

Iazko ekainean hasi zituzten mobilizazioak eta lanuzteak. Duela 11 urte iraungitako lan hitzarmena berritzeko eskatu dute langileek. 

Autoeskola bateko ikasle eta irakasle bat, gidatze praktiketan. MARCIAL GUILLéN (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko otsailaren 25a
11:45
Entzun

Bizkaiko autoeskoletan gaur amaitzen zuten astebeteko greba, eta, gutxienez, beste lau egunez luzatu dituzte lanuzteak: datorren asteko asteartetik ostiralera. ELAk salatu duenez, lan hitzarmena berritzeko eginiko deiei ez die erantzun oraindik APAVI patronalak. Autoeskoletako langileek ekainean hasi zituzten mobilizazioak eta lanuzteak. Gaurkoarekin 29 greba egun egin dituzte langileek. Bizkaian 400 langile inguru ditu sektoreak; 80 autoeskola daude, 120 bulegotan banatuta.

Duela 11 urte iraungi zen lan ituna. Langileek, besteak beste, hau eskatu dute: soldatak «erregularizatzeko», urteotan galdutako erosahalmena berreskuratzeko, ordutegiak hobeto antolatzeko eta sexu arrakala amaitzeko.

ELAk gogorarazi du ia autoeskola guztietan irakasleek soldata ofizialak osatzen dituztela «modu irregularrean» ordaindutako beste kopuru batzuekin. Gainera, azpimarratu du mila eurora ez direla iristen irakasle ez diren langileen soldatak, batez ere administraziokoenak, gehienak emakumeak. Beharginen lan baldintzei buruzko xehetasunak eman zizkion BERRIAri Ana Alonsok, ATAB Bizkaiko autoeskola irakasleen elkarteko presidenteak.

Luza daiteke

Sindikatuak azaldu duenez, otsailaren 9an bidali zion bere «kontraproposamena» patronalari, eta ordutik ez du bilerarik egin ez langileen ordezkariekin, ez hura ordezkatzen dituen bazkideekin. ELAk dioenez, patronala hurrengo asteartean da biltzekoa enpresekin, eta egun horretarako manifestazio antolatu du Bilbon. «Argi dago gatazka bideratzeko etengabeko mugimenduak egiten ari garen bitartean, patronalak negoziazioa blokeatzen eta denboran luzatzen jarraitzen duela», salatu du sindikatuak. Bilera horren ondoren erantzunik jasotzen ez badu, grebarekin jarraitzeko asmoa agertu du ELAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.