Finantzak

Kutxabankek %20 handitu ditu irabaziak, 216,5 milioi euroraino

Inbertsio funtsetan eta aseguruetan inoiz baino kontratazio gehiago izan ditu, eta horrekin konpentsatu ditu maileguen interes tasa txikiak

Kutxabanken egoitza, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko otsailaren 24a
19:27
Entzun

Krisiak krisi, errekorren urtea izan da 2021. urtea Kutxabankentzat. Inondik ere, ez ditu lortu inoizko irabazirik handienak, baina markak hautsi ditu aseguruen arloan eta inbertsio funtsetan, eta bultzada handia eman die familiei eta enpresei emandako maileguetan.

Kutxabankek 216,5 milioi euroren irabaziekin itxi zuen 2021. urtea. 2020an baino 36,5 milioi gehiago dira (+%20), baina pandemiaren aurreko urteko irabazi mardulak urrun ditu oraindik; 2019an, 332 milioiren mozkinak izan zituen. Bankuak ontzat jo ditu emaitzak, eta nabarmendu du kudeaketan jarritako helburuak betetzea lortu duela.

Xede horien artean zegoen banka negozio arruntean irabazterik ez zuena beste bide batzuetatik berreskuratzea, eta hori lortu du: balantzetik kanpoko baliabideek —inbertsio funtsak, pentsio osagarriak, zorro delegatuak— eta aseguruak jada diru sarreren erdia baino gehiago dira. Azken horietan, 125.000 poliza berri egin zituen iaz; dagoeneko 925.000 ditu, eta 160 milioi euroren diru sarrerak eman dizkiote.

Konfinamenduak aurrezkia handitu zuen, eta interes tasa apalek inbertsio funtsetara bideratu dute aurrezkiaren zati bat. Horrenbestez, 2,579 milioi euro bereganatu ditu Kutxabankek alor horretan, inbertsio funtsen merkatuan sartu diren hamar eurotik bat. Jada 21.000 milioi euro baino gehiago dituzte Kutxabankek kudeatzen dituen funtsek, Espainiako sistemako %6,65.

BGAE pentsio osagarrian atalean are kuota handiagoa du Bilbon egoitza duen bankuak, %48,8koa, 6.315 milioi kudeatzen baititu (+%6).

Hipoteka berrien %45

Balantzez kanpoko diru sarrerak indartu izanak ez du esan nahi bankuen ohiko negozioa bigarren mailan geratu denik. Ekonomia suspertu ahala, maileguen eskaria ere handitu egin da, eta Kutxabankek horren zati bat eskuratu du. Guztira, 46.175 milioi euro ditu mailegatuak, 2020ko abenduan baino %7,5 gehiago. Hipoteka mailegu berriak asko hazi dira azken urtean (+%18,8), eta Kutxabankek iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sinatutakoen %45 egin ditu. Enpresei emandako maileguak %20 handitu ditu, eta kontsumorako emandakoak, berriz, %9,2.

Pandemiak eragindako krisi ekonomikoak ez du eten maileguen berankortasunak azken urteetan izan duen beheranzko joera. Are gehiago, 2020an ordainketak atzeratzeko emandako erraztasunak 2021ean amaitu ziren, baina luzatutako ordainketa horietan ere berankortasuna «oso neurritsua» izan da.

Urtearen amaieran, 941 milioi euroren maileguak ziren zalantzazkoak, urtebete lehenago baino %14 gutxiago. Berankortasun ratioa %2,32tik %1,86ra jaitsi da, eta bere lehiakideen batezbestekoaren erditik behera dago. 2014an, %10,35 ere izan zen.

Edonola ere, Gregorio Billalabeitiaren taldeak zuhur jokatu du, eta, ustel atera daitezkeen maileguen kalteaz babesteko, 278,7 milioi euroren hornidurak egin ditu. 2020an 457 milioi izan ziren.

Ustiapen gastuetan 35 milioi aurreztu ditu Kutxabankek, baina ez du argitu horretatik zenbat izan den bulego gehiago ixtearen ondorio.

2021ean kapitala sendotu ahal izan du Kutxabankek: %17,68ko kaudimena dauka, Core Tier I ratioaren arabera neurtuta (%17,4, 2020an).

130 milioiren dibidenduak

Europako Banku Zentralak kendu egin ditu 2020an bankuen dibidenduei jarritako muga zorrotzak. Horregatik, Kutxabankek bere irabaziaren %60 banatuko dizkie bere hiru akziodunei; dirutan, 130 milioi euro. BBKri dagokio %57 (74 milioi), Kutxari %32 (41 milioi), eta Vital Kutxari, berriz, %11 (14 milioi).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.