Etenik gabekoa da goizetik munduko potentziek eta gobernuek kaleratutako erreakzioen soka. Mendebaldetik kanpo ere ugariak dira altxatu diren ahotsak.
TXINA
«Lasaitasun» eskea, egoera «kontroletik kanpo» gera ez dadin
Ukrainako krisiaren irtenbide diplomatikoa eskatu du Txinak, «bi estatuen subiranotasuna» babesteko. Hua Chunjing Txinako Atzerri ministro eta bozeramaileak «lasaitasuna» eskatu die alde guztiei, egoera «kontroletik kanpo» gera ez dadin. Txina da Errusiak daukan aliatu nagusietako bat. Berriki Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Xi Jinping Txinakoak euren aliantza sendotzeko bilkura egin zuten neguko Olinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldiaren harira. Ukrainako krisia hasi zenetik, Mendebaldearen papera kritikatu du Pekinek behin baino gehiagotan.
Herenegun, Nazio Batuen Erakundearen bilkuran Zhang Jun ordezkariak dei egin zuen «irtenbide baketsurako atea» ez ixteko. Txinak ez du «inbasio» hitza erabili nahi izan Errusiak Ukrainan hasitako operazioa definitzeko, eta Moskuk segurtasunari buruz dituen kezkak «legitimotzat» jo ditu. Gaur goizean Hua Chunjing bozeramaileak egindako agerraldian nazioarteko kazetariek propio galdetu diote ea inbasiotzat zuen Errusiak egindakoa, eta Pekingo ordezkariak uko egin dio erantzuteari. Hala ere, Pekinek estatuen subiranotasuna errespetatzen duela ziurtatu du.
INDIA
Egoera oker ditzaketen ekintzak baztertzeko eskatu du
Nazio Batuen Erakundeko Indiako ordezkari TS Tirumurtik etsipena azaldu du bide diplomatikoak oraingoz emaitzarik eman ez duelako. «Kezka sakona dugu gertakariengatik, tentuz ibili ezean, eskualdeko bakea eta segurtasuna kolokan jar daitezkeelako. Dei egiten dugu ahalik eta azkarren deseskalatze bat hasteko, eta ez aurrera eramateko egoera oker dezaketen ekintzak». Indiarentzat Ukrainan bizi diren 20.000 indiarren segurtasuna da lehentasuna, New Delhik iragarri duenez, eta lehenbailehen etxeratzeko lanari ekingo diola ziurtatu du. Ukrainan dauden indiar gehienak ikasleak dira.
TURKIA
«Errusiaren erasoa mehatxua da munduarentzat»
Ankarak gogor egin du Errusiak Ukrainan hasitako operazioaren aurka. «Munduarentzako mehatxu» eta «nazioarteko legediaren urratze onartezina» dela ziurtatu du Turkiako Gobernuak. Herrialdeko segurtasun kontseiluak bilkura egin du, Tayyip Erdogan presidentea buru. Ondoren kaleratutako oharrean ziurtatu du Ukrainaren lurralde osotasuna eta burujabetza babestuko duela, eta dei egin dio Moskuri Ukrainatik erretiratzeko eta erasoari amaiera emateko. Erdoganek iragarri du babesa azaldu diola Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari.
IRAN
«NATOren probokazioek eragin dute krisia»
NATOri egotzi dio krisiaren errua Irango Gobernuak. Hosein Amir Abdolahian Atzerri ministroak «NATOren probokazioei» egotzi die Errusiak hasitako eraso militarraren ardura. Alabaina, diplomazialariak ziurtatu du Iranek ez duela uste gerra izan daitekeenik ezeren konponbide, eta su-etenerako deia egin die aldeei. «Ezinbestekoa da su-etena ezarri eta irtenbide politiko eta demokratikoa» bilatzea. Iranek dei egin die Ukrainan bizi diren irandarrei herrialdetik irten daitezen, horretarako eskura dituzten bide guztietatik.
AEE
«Gizateriaren bakearen aurkako erasoa da»
Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE) Errusiari eskatu dio bertan behera utzi ditzala Ukrainaren aurka hasitako ekintzak. «Salagarria da Ukrainaren lurralde osotasunaren eta subiranotasunaren aurka egindako erasoaldi armatua". Halaber, "nazioarteko zuzenbidearen aurkako urraketa larritzat jo du AEEk ohar batean Errusiak hasitako operazio militarra. «Gizateriaren bakearen eta segurtasunaren aurkako erasoa» izan da, ohar horren arabera.
BRASIL
«Kezka larria» adierazi du, eta indarkeria baztertzeko eskatu die aldeei
Errusiak Ukrainaren aurka hasitako erasoarengatik «kezka larria» adierazi du Brasilek, eta indarkeria baztertzeko eskatu die aldeei «lehenbailehen». NBEko Segurtasun Kontseiluko kide ez iraunkorra da Brasil, eta «irtenbide diplomatikoa» eskatu du, «Minskeko akordioetan» oinarrituta. Haren iritziz, negoziazioak aintzat hartu beharko lituzke alde guztien «segurtasun kezka legitimoak» eta zibilen babesa. Nazioarteko zuzenbidearekiko errespetua eskatu du, eta estatuen segurtasun eta lurralde osotasunarekiko engaiamendua berretsi du.
HEGO AFRIKA
«Errusiak berehala alde egin behar du Ukrainatik»
Hego Afrikak dei egin dio Errusiari «berehala» bere tropak Ukrainatik erretiratzera. Etsita azaldu da Hego Afrika gatazkak hartutako norabidearengatik, eta giza sufrimendua eragingo duen gatazkak mundu osoari erasango diola iritzi dio. NBEren kartak dioena bere egin du Hego Afrikak, hau da, gatazka politikoak modu baketsuan konpontzearen aldeko printzipioa. Bakea eta nazioarteko segurtasuna zalantzan ez jartzeko deia egin du Johannesburgok.