NATOk Defentsa plana abiatu du

Europako Batasuneko estatuburu eta gobernuburuak gaur bilduko dira neurri berriak adosteko

Ursula Von der Leyen, gaur goizeko agerraldian. KENZO TRIBOUILLARD / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko otsailaren 24a
12:32
Entzun

NATOk «gerra ekintzatzat» jo ditu Errusiaren azken mugimenduak, eta erakundearen Defentsa plana abiatu du. Ondorioz, ateak ireki dizkio erantzun azkarrerako unitateak mobilizatzeari. Aurrez, AEBetako presidente Joe Bidenek adierazi du Washingtonek eta bere aliatuek «modu batu eta erabakigarrian» erantzungo diotela Moskuk hasitako «operazio militarrari». Europako Batasuneko buruzagien artean, berriz, «gaitzespen» hitza izan da gehien errepikatu dena, eta Bruselak iragarri du Errusiako «sektore estrategikoen» aurkako zigor ekonomikoak areagotuko dituela.

Hainbat estatu kideren eskariz, goizean bildu da NATOko organo exekutiboa, eta, biharko aliantzako buruzagien bilerara deitu dutela adierazteaz gain, Jens Stoltenberg idazkari nagusiak neurri berriak iragarri ditu. «Eskala handiko gerra bat dugu Europan, jada historiaren parte zela pentsatzen genuen zerbait», kritikatu du.

Komunikatu batean adierazi dutenez, erakundearen hurrengo urratsak «aliantzaren defentsa eta disuasio lana indartzera» bideratuko dira: «Gure neurriak prebentziozkoak, proportzionalak eta gorakada ez bultzatzearen aldekoak dira eta izango dira». Stoltenbergen esanetan, neurri horietako bat da defentsa plana martxan jartzea, Tod Wolters jeneral estatubatuarrak hala eskatu ostean; hura da aliantzak Europan duen buruzagi militarra. Beraz, buruzagi militarren «autoritatea areagotu» dute, eta 40.000 soldaduk Europa ekialdean esku hartzeko aukera mahai gainean jarri, «beharrezkoa izango balitz». Erantzun azkarrerako unitateek bost eguneko epean edonon zabaltzeko gaitasuna dute, gehienez 30 egunez. Stoltenbergen arabera, baina, «disuasio» lanak lirateke haien eginbeharra, NATOren helburua aliantzako kideak babestea delakoan, eta ez Ukrainan tropak zabaltzea. Halere, gogorarazi du aliantzak ehun hegazkin eta 120 ontzi dituela Mediterraneo iparraldean.

AEBetako Gobernuko eledun Jen Psakik ere atzo adierazi zuen Washingtonek «inolaz ere ez» dituela bere tropak bidaliko Ukrainara, baina neurriak hartzeko beharra nabarmendu zuen. Bide horretan, Bidenek adierazi du G7ko buruen bilera bat eskatu duela, «neurri osagarriak» adosteko. Izan ere, Etxe Zuriko maizterrak «gerra planifikatu bat» hasi izana leporatu dio Errusiako presidente Vladimir Putini. Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonek, berriz, «gerra inongo probokazio edo aitzakiarik gabe» abiatu izana egotzi dio Moskuri, eta gehitu Mendebaldea ez dela «zain geratuko».

Oraingoz, neurriak Moskuko gobernua babesten duten kide eta enpresentzako zigor ekonomikoak izan dira. AEBek, Erresuma Batuak eta Australiak iragarri dute areagotu egingo dituztela, baita Europako Batasunak ere. Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek azaldu duenez, besteak beste, Errusiako «sektore estrategikoek» batasuneko herrialdeetako bankuetan dituzten kontuak blokeatuko dituzte. Egun, «Donbassen izan duten parte hartzeagatik», EBk Dumako 351 kideri eta 27 politikari, militar eta erakunderi ezarri dizkie zigor ekonomikoak, estatu kide bakoitzak jarritakoez gain.

Izan ere, EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellen hitzetan, Bigarren Mundu Gerratik Europak izan dituen «ordurik ilunenak» dira hauek: «Potentzia nuklear handi bat alboko herrialdeari erasotzen, eta errepresaliekin mehatxatzen erreskatera joan daitezkeen gainerako estatuak».

Horiek hala, EBko estatuburu eta gobernuburuak gaur bilduko dira, Ukrainako afera tratatzeko ezohiko bilera batean. «Garrantzitsua da bateratuta eta sendo jarraitzea, eta ikuspegi kolektibo bat definitzea», azaldu du Europako Kontseiluko presidente Charles Michelek. Gai zerrendan daude Kievi laguntzak ugaritzeko aukera eta Errusiarekiko harremanen etorkizuna. Izan ere, Michelen ustez, Moskuren erabakiek arriskuan jarri dute «Europako segurtasun ordena».

Estatu kideen artean, Moskuren jarrerarekiko «gaitzespena» nagusitu da. Moskuri zuzendu zaio Frantziako presidente Emmanuel Macron, operazio militarra «berehala» eten dezan eskatzeko. Haren esanetan, Errusiaren azken mugimenduekin «gerra» hasi da. Bide beretik, Alemaniako kantziler Olaf Scholzek «nazioarteko zuzenbidearen urraketa» eta «akats larri» gisa kalifikatu du operazioa, eta Italiako lehen ministro Mario Draghik adierazi du «bidegabea eta justifikaezina» dela. Antzeko mezuak iritsi dira, besteak beste, Austriako, Espainiako eta Portugalgo gobernuetatik ere.

Urrats bat gehiago egin dute beste batzuek, eta, besteak beste, Poloniako presidente Andrzej Dudak NATOko kideen erantzun bateratu bat eskatu du. Hala egin dute Letoniak, Lituaniak eta Estoniak ere, «migrazio olatu bati» eta «zibererasoei» erantzuteko premia aipatzearekin batera.

Tonu abegikorragoan aritu dira, berriz, Bulgariako eta Hungariako gobernuak. Lehenak berretsi du Moskuk hasitakoa «operazio militar bat» dela, eta adierazi gerra hitzaren erabilera «gehiegizkoa dela». Bigarrenak ere uko egin dio gerra kontzeptua erabiltzeari, esanez hura dela izan daitekeen «jokalekurik txarrena».

Europar Kontseiluak ere hartu du hitza. Erakundeko estatutuen «urraketatzat» jo du Moskuren operazioa, eta hura «berehala eta baldintzarik gabe» eteteko exijitu dio. Erakundeko idazkari nagusi Marija Pejcinovicek irtenbide diplomatikoen beharra nabarmendu du, «bakea berrezarri eta kontinente osoarentzat suntsitzaileak izan daitezkeen ondorioak eragozteko». Hala, erakundeko organo gorenak bileretara deitu du, «beharrezko neurriak» hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.