Enpresak

Tubacexek 32 milioi galdu zituen iaz, baina baikor dago

Eskaera zorro sendoa duela azaldu du, eta bere produktuak «hedatzen ari den energia merkatuan» oso ongi kokatua daudela.

Laudioko lantegiko behargin bat. BERRIA
jokin sagarzazu
2022ko otsailaren 24a
12:08
Entzun

Tubacex hodi ekoizleak 32,2 milioi euroren galerekin amaitu zuen iaz, 2020an baino %27 gehiago. Araban egoitza duen multinazionalak 365 milioi euroren salmentak egin zituen 2021ean, aurreko urtean baino %23,9 gutxiago, eta pandemiaren aurreko ekitaldietan baino ia % 50 gutxiago. Dena den, 2018koak eta 2019koak baino emaitza hobeak espero ditu aurten, sektorean aurreikusitako prezioen igoerengatik. «Gure berregituraketa globaleko planaren esparruan kostuak murrizteak, eskaera zorro sendoak izateak eta hedatzen ari den energia merkatu baten aurrean egoteak aukera ematen digute 2022ari baikortasunez aurre egiteko», adierazi du Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari delegatuak.

Kontuan izan behar da konpainiak iaz ia zortzi hilabeteko greba bati egin behar izan ziola aurre Arabako bi lantegietan —Laudion eta Amurrion—. Horiez gain, beste herrialde batzuetan ere baditu lantegiak: AEBetan, Italian eta Indian, besteak beste. 2021ean zehar doikuntza plan bat aplikatu zuen taldeak bere planta guztietan; horren bidez, 30 milioi euro «aurreztu» dituela azaldu du. Horrez gain, inbertsioak egin ditu azkenengo bi urteetan: AEBetan beste lantegi bat ireki du (Tubacex Durant) eta Oklahoma Amega West enpresa erosi du (Kanadan eta Singapurren ere baditu plantak), Kazakhstanen ere ireki du lantegi bat eta Norvegiako TSS erosi du.

Aurreikuspen onak

Urtea, gainera, ez da emaitzek erakusten bezain txarra izan, Tubacexek adierazi duenez. Laugarren hiruhilekoan enpresak irabazietara itzultzea lortu zuen. Urri eta abendu bitartean salmenten irabazi garbiak 12,6 milioirenak izan ziren (urte osoan lortutakoaren %72). «Inflazioak energia kostuetan eta, oro har, balio katean izan ez balu eragina, azken hiruhilekoko kopuruak are handiagoak izango ziren», azaldu du komunikabideetara bidalitako ohar batean. Urte amaierako emaitzek «hurrengo ekitaldietan mantenduko den joera aldaketa berresten» dutela azpimarratu du.

2022an zehar energiaren eta, oro har, horniduren prezio handia mantendu egingo dela espero du, eta horrek eragina izango duela jada hitzartuak dituzten salmentetan. Baina bigarren hiruhilekotik aurrera kostu horiek «konpentsatuko» direla uste du, kontratu berriekin. «Ezartzen ari garen prezio igoeren bidez, efektu hori murriztu egingo da bigarren hiruhilekotik aurrera, eta 2022ko emaitzek 2018an eta 2019an lortutakoak baino handiagoak izan beharko lukete», adierazi du Esmorisek. «Hedatzen ari den energia merkatu baten aurrean gaude».

Tubacexek 500 milioi euroko eskaera zorroarekin ekin dio urteari, eta datozen hilabeteetan kontratuak gehitzea espero du. Bi sektoretan, bereziki: gasarenean eta energia nuklearrarenean. Taldeak azaldu duenez, energia garbien merkatura ere egin nahi du jauzia: hidrogeno eta karbonoa biltegiratzeko eta garraiatzeko azpiegituratarako «balio erantsi handiko» hodiak produzituz.

Gaur egun, 336 milioiko zorra du Tubacexek. Kopuru oso handia dela aitortu du, baina «koiunturala» dela nabarmendu du. Azaldu du taldeak iaz aurkeztutako berregituraketarako planak 170 milioiko likidezia izatea ahalbidetzen diola eta 2024 arteko epemuga duten maileguak ordaintzeko aukera ematen diola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.