Errusiaren erasoak gerra zabaldu du Ukrainan

Errusiak operazio militar bat abiatu du Ukrainan, hamar lekutatik. Misilak jaurti ditu, eta muga zeharkatu du hainbat tokitan. Mendebaldeak gogor gaitzetsi du erasoaldia. Ukrainak gerra legea ezarri du eta armak eskaini dizkie herritarrei.

Edu Lartzanguren - Jon Ordoñez Garmendia
2022ko otsailaren 24a
07:19
Entzun

Azkenean Errusiak Ukrainari eraso dio. Azken asteetan arrisku hori bazegoela ohartarazi dute Mendebaldeko hainbat agintarik, baina inork pentsatzen edo espero ez zuena egin du Vladimir Putin Errusiako presidenteak ostegun goizaldean: herritarrei zuzenduriko mezu batean iragarri du operazio militar bat hasi duela «Ukraina desnazifikatzeko». Eman dituen argudioetan, esan du ez dela gerra operazio bat, baizik eta «bake operazio bat», Donbassko errusiazaleen kontrako «genozidioa» gerarazteko. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak armak eskaini dizkie herrialdea «defendatu nahi duten» herritarrei, eta Kievek Moskurekin zituen harremanak haustea erabaki du. Lehen orduetan herritarrek ihes egin dute Kievetik. Gerra zabaldu da Ukrainan.

Erasoaldiak hautsi egin du Europan azken hamarkadetan izan den statu quo-a. Hala esan du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Mendebaldeko agintariek bat egin dute Ukrainaren defentsan, eta nazioarteko araudia urratzea leporatu diote, besteak beste, NATOk, EBk, AEBek eta gobernu ia denek. NATOk, gainera, Defentsa plana abiatu du. Ukraina ez da erakundeko kide, baina bai auzo dituen beste herrialde batzuk. Mendebaldetik kanpoko potentziek lasaitasuna eskatu dute.

Ikusteko dago orain zein den Putinen asmoa. Eraso egin bai, baina ondoren zer asmo duen da gakoa. Ukraina zuzenean menperatzea ez dirudi benetako aukera bat denik. Bere sokako gobernu bat ezar dezake, eta Bielorrusiarekin jokatzen duen bezala jokatu Ukrainan ere. Beste aukera bat da bereganatu nahi dituen lurraldeak negoziatu arte geratzea Ukrainan.

Errusiak hamar gunetatik eraso dio Ukrainari. Goizean aire erasoez ohartarazteko sirenak eta leherketak entzun dira Kiev hirubuan, eta Errusiako tropak Mariupol hirian sartu direla adierazi dute Kieveko agintariek. Erasoaldia hasi eta hamabi ordura, Txernobyldik gertu ziren errusiarrak eta zenbait iturriren arabera, Kievetik 160 kilometrora. Beste iturri batzuen arabera, Errusia Krimearekin lotzear ere egon liteke, hego korridore bat sortuz. Edonola, dena azkar ari dira gertatzen (ikusi BERRIAren zuzeneko kontakizuna).

Errusiako albiste agentzien arabera, Ukrainaren azpiegitura militarrak bonbardatu dituzte goizaldean, tartean aireportuak eta gerra hegazkinak. Kievek itxi egin du Ukrainako aire eremua, eta aireportua bera ere husten ari direla jakinarazi dute gobernuko iturriek. Reuters agentziak zabaldu duenez, berriz, Errusiako armada Txernihiv, Kharkiv eta Luhansk eskualdeetan sartu da.

Ikusi gehiago:Errusiaren erasoaldiaren argazki bilduma.

«Armada lanean ari da. Izurik ez. Indartsuak gara, edozertarako prest gaude. Mendean hartuko ditugu», adierazi du Zelenskik lehen orduetan, herrialde osoan gerra legea ezarri duela jakinarazi aurretik. Estatuburuak iragarri du AEBetako presidente Joe Bidenekin hitz egin duela goizaldean, eta hark nazioarteko indarrak batuko dituela «Ukraina defendatzeko». Buruzagi estatubatuarrak salatu du Errusiarena «justifikatu ezinezko erasoa» izan dela, eta ohartarazi Moskuk «erantzun» egin beharko duela egindakoagatik.

Biden ez da izan Putini azalpenak eskatu dizkion nazioarteko buruzagi bakarra. Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek berak gogor gaitzetsi du erasoaldia, eta ohartarazi du Kremlinek «azalpenak»eman beharko dituela egindakoagatik: «Putinek gerra ekarri du berriz Europara». Batzordeko buruak aurreratu du Bruselak Moskuren aurkako zigor ekonomikoak hartuko dituela datozen orduetan. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideak ere gaur dira biltzekoak zer urrats egin erabakitzeko. Baina Jens Stoltenberg idazkari nagusiak dagoeneko aurreratu du aliantzak «defendatu» egingo dituela bere aliatuak.

Izua

Herritar askok ihesari ekin diote, eta auto ilara luzeak ikus zitezkeen goizaldean hiriburuaren inguruetan. Izan ere, Kieven bertan ere entzun ahal izan dira leherketa hotsak, eta, zenbait iturriren arabera, Bielorrusiatik ere sartu dira Errusiako tankeak Ukrainara. Bielorrusiak argitu nahi izan du, ordea, ez duela parte hartu erasoaldian.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak, erasoa hasi baino lehenago emaniko hitzaldian, esan du Kievekoa erregimen nazi bat dela, eta errusieraz mintzo diren Donetskeko eta Luhanskeko herritarrak genozidioa pairatzen ari direla. «Ahaleginduko gara Ukraina desmilitarizatzen eta desnazifikatzen». Errusiako Novaya Gazeta egunkari kritikoak zabaldu duenez, Errusiako presidente Vladimir Putinek gaur goizaldean egindako agerraldia duela hiru egun grabatutakoa da.

Halakoetan ohi den bezala, propaganda gerrari ekin diote bi aldeek. Moskuk adierazi du Ukrainako aire azpiegitura suntsitu egin duela, eta Ukrainako armadak adierazi du Errusiako bost hegazkin eta helikoptero bat lurreratu dituela.

Herritarrak armatzen

Ukrainako presidenteak borrokara deitu ditu herritarrak. Armadarekin bat egiteko eskatu dio «herrialdea defendatzeko prest dagoen herritar orori», eta azaldu du Kievek armak emango dizkiola borrokan parte hartu nahi duen guztiari. Armadako erreserbisten artean armak banatzen ari direla zabaldu du Reuters agentziak Polizia iturriak aipatuta.

«Armada okupatzaileari» ahalik eta «kalte gehiena» eragiteko agindu die Zelenskik Ukrainiako militarrei.

Zelenskik nabarmendu du Ukrainak «bere burua defendatzeko eskubidea» duela NBE Nazio Batuen Erakundearen araudiaren 51. artikuluaren arabera, eta jakinarazi du Errusiako armadak dagoeneko izan dituela «lehen galerak».

Herritar askok Kievetik ihes egitea erabaki dute, eta goizaldean auto ilara luzeak ikus zitezkeen hiriburu inguruko errepideetan. Beste hainbatek, berriz, metro geltokietan hartu dute babes.

NATOren eta EBren salaketak

NATOren idazkari nagusi Jens Stoltenbergek deitoratu du Putinek «indarkeriaren bidea» hartu izana. Mendebaldeko aliantza militarraren aliatuetako ordezkariak bilkura bat egitekoak dira gaur goizean. «Nazioarteko zuzenbidearen urraketa bat da erasoa». NATOk goi bilkura deitu du biharko.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruak, berriz, dei egin dio Putini erasoa «berehala gelditzeko», eta zigor ekonomiko gehiago aginduko dituztela iragarri du, Errusiaren «oinarri ekonomikoaren» kontra. «Aurrekaririk gabeko eraso bati egin behar diogu aurre», adierazi du. «Jokoan dago europar egonkortasuna eta nazioarteko ordena baketsu multzoa».

Europako Batasuneko Atzerri politikaren buru Josep Borrellek adierazi du hauek «ordurik ilunenak direla Europarentzat, Bigarren Mundu Gerraz geroztik» Europak inoiz ezarritako zigorrik handienak erabakiko dituela gaineratu du. «Nazioarteko legearen bortxaketarik larriena» gisa deskribatu du erasoa, eta «elkarbizitzaren oinarrizko printzipioen bortxaketa» dela gaineratu du.

«Putinek Ukrainari gerra egiteko harturiko erabakia» gogor gaitzetsi du Frantziako presidente Emmanuel Macronek, eta operazio militarrak berehala gelditzeko eskatu dio. Ukrainari elkartasuna adierazi dio, eta Frantzia «ukrainarren ondoan» dagoela gaineratu du.

Inguruko herrialdeetan eragiten ari da Errusiaren erasoaldia. Lituaniako Parlamentuak gaur erabakiko du larrialdi egoera ezarriko ote duen, goizean Gitanas Nauseda presidenteak esan duenez.

Sobiet Batasuneko errepublika ohia da Lituania, baina NATOko kide da gaur egun, baita Europako Batasunekoa ere. Nausedak bi erakundeei eskatuko die Bielorrusiaren aurkako neurriak hartzeko, «erasoaldian parte hartzea» leporatuta.

Letonian, berriz, AEBek soldadu gehiago bidali dituzte Letoniara, gaur goizean.

Bielorrusia arma nuklearrak hartzeko prest

Bielorrusiak igandean du egitekoa Konstituzio erreformari buruzko erreferenduma, eta bertan jasotzen den puntuetako bat da Errusiaren arma nuklearrak bertan jartzeko aukera. Bielorrusiako presidente Aleksandr Lukaxenko bihar da Moskura joatekoa Errusiako estatuburuarekin biltzeko.Hala ere, Lukaxenkok zehaztu du Bielorrusiako armada ez dela «inbasioan» parte hartzen ari.

Txinako enbaxadak babesera jotzeko eskatu die Ukrainan diren bere herritarrei, eta ohartarazi du egoerak «azkar» egingo duela okerrera. Errepidera irten behar badute, beren ibilgailuetan Txinako bandera jartzeko aholkatu die.

Erasoak berehalako eragina eduki du merkatuetan, batez ere petrolioaren salneurrian. Brent upela %8 garestitzen ari da, eta goizaren erdian 105 dolarrera iritsi da, 2014ko uztailaz geroztik izandako preziorik handienera.

Ikusi gehiago: >Donbassko azken gertakariak ulertzeko kronologia.

[YouTube]https://youtu.be/656ECG-ILYY[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.