Unibertsitateko irakasleek, gainerako irakaskuntza mailetakoek bezala, lehen urtean formakuntza ikastaro bat igaro behar izatea. Horixe nahi du Espainiako Gobernuak, Joan Subirats Espainiako Unibertsitate ministroak gaur aurreratu duenez. Beharrezkotasun hori Unibertsitate Sistemaren Lege Orokorrean jasotzea nahi dutela esan du. Lege hori seihileko honetan onartzea espero duela gaineratu du, eta 2023ko lehen lauhilekoan indarrean sartzea.
Unibertsitate bakoitzak duen berritzegune kopuruaren araberakoak izango dira ikastaroak, zehaztu duenez. «Irakasleen egitekoa indartu» nahi duela adierazi du, eskuduntza autonomikoak eta unibertsitatearen autonomia errespetatuta eta irakasleentzat «oztopo» edo «karga» izan dadin saihestuz. «Unibertsitatea salbuespena ez izatea nahi dugu. Edozein hezkuntza jardueratan, irakasle izan nahi duen orok praktikaldia igaro behar du, eta hori ez da horrela unibertsitatean», argudiatu du.
Bera ere unibertsitateko irakaslea izandakoa dela azaldu du Subiratsek, eta horretan oinarritu da erabakia defendatzeko. «XXI. mende betean» teknologia berrien rolaz nahiz ikasgeletako presentzialtasunaren balioaz formakuntza hartu beharra dagoela azpimarratu du.