Gaur egun abortatzeko dauden mugak aurrerantzean arinagoak izan daitezen nahi du Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioak, ministro Irene Monteroren esanetan. Hain zuzen, Abortuaren Legea erreformatu nahi du ministerioak, eta dagoeneko jakinarazi dituzte proposaturiko zenbait aldaketa; Hego Euskal Herriko zentroei eraginen lieke. Besteak beste, erreformak aurrera eginez gero, ospitale publikoentzat nahitaezkoa izanen da abortuak egiteko prest diren profesionalak edukitzea.
Monterok zehaztu duenez, gainera, abortatu nahi duen emakumeak eskubidea izanen du aukeratzeko zein metodo erabili nahi duen haurdunaldia eteteko.
Bada berritasun gehiago ere. Egun, abortatzeko erabakiaren inguruan hausnartzeko epealdi bat dago zehaztua Hegoaldean: nahitaez, herritarrak hiru egunez egin behar du gogoeta, abortatu aurretik. Denbora tarte hori bermatzea beharrezkoa izan ez dadin nahi du Madrilek; hausnarketarako tarte hori deuseztatu, alegia.
Halaber, legearen erreformak aurrera eginen balu, eragina argia izanen litzateke adinari dagokionez. Proposamenean jasoa dagoenez, 16-18 urte arte adingabeek ez dute gurasoen baimenik beharko haurdunaldia eteteko. «Lan egiteko edo sexu harremanak izateko arduratsu diren bezala, arduratsu dira beren gorputzen gainean erabakitzeko ere», zehaztu du Monterok.