Ohar bateratu batean, ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dute bilera izan zutela atzo Confebask patronalarekin, CCOOrekin eta UGTrekin. Eskaera bat luzatu zieten bi sindikatuek: «Langileen ordezkaritzak edo enpresarenak euskara planak negoziatzea eskatzen duten lantokietan negoziazioa irekitzeko konpromisoa hartzea». Argitu dutenez, Confebaskek uko egin zion aukera hori negoziatzeari. Aldiz, CCOO eta UGT «negoziazioa martxan jartzeko» prest azaldu zirela zehaztu dute.
Ez da berria eskaria. Bi sindikatuek, Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera, lan eremua euskalduntzeko egitasmo bat abiatu zuten 2020ko azaroan. Eskatu zuten 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak negoziatzeko baldintza txertatu dadila EAEko eta Nafarroako lanbide arteko itunetan. Eusko Legebiltzarrera eraman zuen EH Bilduk proposamen hori, baina ez zuten onartu.
ELAk eta LABek azaldu dute, lan mundua euskalduntzeko dauden zailtasunak kontuan izanda, uko egin diotela egitasmo honetan eskaera propioak aldarrikatzeari», eta, aldiz, «akordioari aukera ematera» eta «patronala eta beste sindikatuak ere eroso egon daitezkeen abiapuntu baten bila» joan zirela bilerara. «Eskaera oso xumea izan arren, euskalduntzea protokolizatzea eta horri buruzko negoziazioak zabaltzea abiapuntu garrantzitsua da», azaldu dute. Hala eta guztiz ere, Confebaskek eskari horri ere atea itxi diola salatu dute.
Horregatik, patronalaren jarrera «harritzekoa eta arduratzekoa» dela adierazi dute: «Arduratzekoa da negoziazio eskaera inposizio gisa hartzea eta harritzekoa euskara planak negoziatzea arazo gisa hartzea, jakinik ez dela akordiorako obligaziorik ezarri». Euskara planen negoziazioak «diagnostikoa» eta «tokian tokiko egoeraren arabera hobekuntzarako neurriak negoziatzea» eskatzen du, bi sindikatuen esanetan, eta hori patronalarentzat «larria» dela deitoratu dute. «Jarrera horrekin ezinezkoa izango da inoiz euskaraz lan egin nahi duten langileek horretarako aukera izatea», erantsi dute.