EUSKAL PRESOAK

Foro Sozialak «kezka» agertu du presoen gradu erregresioengatik

Behatokiak laugarren txostena aurkeztuko du etzi: bertzeak bertze, torturari eta defentsa eskubideari buruz.

Agus Hernan eta Nekane Altzelai Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak, urtarrilean eginiko agerraldi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko otsailaren 23a
12:51
Entzun

Foro Sozial Iraunkorra «kezkatuta» dago euskal presoak hirugarren gradutik bigarrenera itzularazteagatik. Azken hilabeteotan hiru aldiz gertatu da gauza bera: Unai Fanoren, Jon Cresporen eta Iñigo Gutierrezen kasuetan. Hiruretan, Espainiako Auzitegi Nazionalak gibelera bota ditu aitzinetik euskal preso horiek zeuden espetxeetako tratamendu batzordeek proposaturiko gradu aldaketak. Hala, foroak salatu du «espetxe politika arrunta garatzeko oztopo nagusia» Espainiako Auzitegi Nazionala dela: «Ebazpen negatiboak eta gradu erregresioak ugaritzen ari dira, nahiz eta Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak, espetxeetako tratamendu batzordeek eta Eusko Jaurlaritzak jarrera positiboa izan. Kezkatzeko arrazoiak daude».

Foroa larrituta agertu da ebazpen horiek izan ditzaketen «giza ondorioekin». Salatu duenez, hain zuzen, gradu erregresio horiek «eragin izugarria» dute euskal presoen senide eta seme-alabengan, baita presoen gizarteratze ibilbideetan ere, eta ez dator bat «zigorra betetzen ari den pertsona orok merezi duen itxaropen agertokiarekin».

Foroak agerraldia eginen du etzi, eta motibazio politikoko euskal presoei aplikaturiko espetxe politikaren behatokiak laugarren txostena aurkeztuko du han. Presoen egoeraren argazki eguneratua emanen dute, eta salatuko dute, bertzeak bertze, azken txosten monografikoan jasotzen zituzten oztopoek «bere horretan» jarraitzen dutela: «Eta are larriagoak dira orain». Foroak ohartarazi duenez, legeak «mendekuzko politika baten tresna gisa erabiltzen» ari dira: «Politika horren helburu bakarra espetxeetako giltzarrapoak duela hamarkada bateko baldintzetan itxita mantentzea da, presoek emandako pausoak blokeatuz».

Torturaz eta defentsarako eskubideaz ere arituko dira ortziralean aurkeztuko duten txostenean, «bi gai horiek, gehiegitan, elkarri lotuta» egon baitira, foroaren ustez. Xabier Atristainen kasuak «etorkizunean izan ditzakeen ondorioak» ere aztertuko dituzte —Atristain kalean da behin-behinean, Espainiako Auzitegi Nazionalak men egin baitio Estrasburgok emandako sententziari—.

Lobbyaren indarra

Foro Sozialak salatu duenez, azken bi asteetan «eztabaida politikoa eta erabaki judizialak baldintzatzeko gaitasuna» duela erakutsi du espetxe politika normalizatuaren aurkako lobbyak: «Aitortu behar dugu epe laburrean zaila izango dela gai horiek testuinguru politiko honetan, Aietetik hamar urtera, desiragarriak liratekeen baldintzetan konpontzea; hau da, gehiengo politiko, sindikal eta instituzionalak eskatzen ari diren bezala, bizikidetza demokratikorako bidean aurrera egiteko baliatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.