Vladimir Putinek Ukraina mendebaldeko Luhansk eta Donetsk herri errepubliken independentzia onartu eta horietara tropak bidaltzeko baimena jaso ondoren, Ukrainako Gobernuak erabaki bat hartu du: herrialde osoan larrialdi egoera ezartzea 30 egunez, luzatzeko aukerarekin. Eskaera hori egin du Segurtasunerako eta Defentsarako Kontseilu Nazionalak. Indarrean sar dadin, parlamentuak onartu beharra dauka eskaera, eta ganbera datozen orduetan da pausoa ematekoa. Neurriak ez die eragingo Donbassko probintziei, Errusiak aitortutakoei, han aspalditik baitago indarrean larrialdi egoera: 2014an gerra hasi zenetik.
Oleksii Danilov Ukrainako Segurtasunerako idazkariak kazetariei esan dienez, neurriak aukera emango die kontrolak eta mugikortasunari eragiten dioten neurriak ezartzeko, baita etxeratze agindua ere. Sor litezkeen «mehatxuen» arabera egokituko dute alarma egoeraren «zorroztasuna». Baieztatu du, gainera, armadak 36.000 erreserbista deitu dituela mobilizatzeko —ia milioi bat dauzka—. Putinen alderdi Errusia Batuko buruzagi baten hitzetan, Errusiako tropak Donbassen sartuko dira, soilik herri errepubliketako agintariek hala eskatzen badiete. Horrekin lotuta, Ukrainako Poliziak jakinarazi du indar gehigarriak bidaliko dituela Donbassera.
Kieventzat, Atzerri Ministerioak ohar baten bidez nabarmendu duenez, Errusia «eraso armatu bat» aurrera eramaten ari da, eta Ukrainaren subiranotasuna eta lurralde batasuna urratzen ari da. Azken gertakariak aintzat hartuta, Errusian bizi diren edo han dauden ukrainarrei handik «berehala» alde egiteko eskatu diete. Zibilei armak erabiltzeko eskubidea emango dien lege proiektua onartu du, bestetik, parlamentuak. Ohar batean azpimarratu duenez, «autodefentsa» du xede neurriak. Oraindik beste bozketa batean berretsia izan behar du indarrean sartzeko.
Errusiako presidente Putinek gaur adierazi duenez, prest dago Ukrainako auziarentzat «irtenbide diplomatikoak» bilatzeko. Hori esanda, ordea, ohartarazpen bat egin du: Errusiaren interesak eta segurtasuna «negoziaezinak» direla. Lurralde bateratasuna eta Ukrainaren subiranotasuna urratzea egotzita, zigorren bidez erantzun diote Mendebaldeko potentziek Kremlini, eta Japoniak eta Australiak ere zigorrak ezarriko dizkiotela iragarri dute.
Ikusi gehiago: Zuzeneko kontakizuna
EB Europako Batasunaren eta AEBen arabera, zigorrak esanguratsuak dira, eta gaur sartuko dira indarrean. Bruselaren diplomaziaburu Josep Borrellen esanetan, zigor horiek «min» egingo diote Moskuri. EBk Erresuma Batuarekin eta Kanadarekin adostu du Errusiari betoa jartzea finantza merkatuan eta Europako zerbitzuen sektorean, baita, besteak beste, de facto bere burua independentetzat duten Donbass eskualdeko bi herrialdeei merkataritza enbargoa ezartzea ere.
AEBek erabaki dute Errusiak Mendebaldean izan ditzakeen finantza bide guztiak ixtea. «[Errusiak] Jada ezin du Mendebaldetik dirurik lortu, eta ezin du bere zor berria gure merkatuetan edo europarretan negoziatu», nabarmendu zuen Joe Biden Etxe Zuriko maizterrak, atzo, prentsa agerraldi batean.
Ikusi gehiago: Herri errepubliken balioa
Ukraina eskertuta dago horregatik, eta egindako urrats horiek «erabakigarriak» iruditzen zaizkio. Nolanahi ere, Dmitro Kuleba Atzerri ministroak Mendebaldeari eskatu dio Putinen «erasoa» gerarazteko zigor gehiago jartzeko Moskuri. «Presioa areagotu behar da. Kolpea eman haren ekonomiari eta lagunei. Gehiago. Gogor. Orain», idatzi du Twitterreko bere kontuan. Errusiako Atzerri Ministerioak ohar baten bidez adierazi du Moskuk erantzun «indartsu eta neurriko bat» emango diela AEBen zigorrei. Gogorarazi du, bide batez, zigortuak izan diren beste batzuetan horien kaltea «gutxitzeko» gai izan direla. Nazioarteko Ikerketa Ekonomikoen Vienako Institutuko zuzendariak Efe berri agentziari esan dio, hain zuzen, Mendebaldeak zigorrei dagokienez hartutako neurriak «nahiko apalak» izan direla.
Txinarentzat, baina, zigorrak ez dira «eraginkorrak» arazoak konpontzeko. Putin eta Xi Jinping Txinako presidentea joan den otsailaren 4an batzartu ziren Pekinen, eta AEBek adierazi zieten bat eginda eta NATO hedatzearen aurka daudela. Hortaz, Hua Chunying Atzerri ministroak argitu du ez diotela Moskuri zigorrik jarriko. Bide batez, Washingtoni belarrietatik tira egin dio: «Arduragabea da beste batzuei leporatzea suteak pizten ari direla, sutara egur gehiago botatzen duzun bitartean».
Ez dute bilerarik egingo
AEBetako Estatu Idazkari Antony Blinken eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa auziaz hitz egitekoak ziren etzi, ostiralarekin, Parisen, baina Washingtonek bertan behera utzi du batzarra. «Ikusita Errusiak inbasioa hasi duela eta diplomaziari uko egiten diola, oraintxe ez du zentzurik bilera hori egiteak», esan zuen Blinkenek atzo gauean, hedabideen aurrean. Hain zuzen, Blinken, Lavrov eta Kuleba, AEBen, Errusiaren eta Ukrainaren diplomaziaburuak, NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordean parte hartzekoak dira datorren astean, NBEk berak jakinarazi duenez. Astelehenean hasiko da batzordea, eta bost aste iraungo du.
Ikusi gehiago: Berlinek Nord Stream 2 izoztu du, eta EBk arriskuan du gas hornidura