Sexu abusuak

Elizaren barruan izandako 41 sexu-abusu kasu ikertzen ari da Ertzaintza

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak nabarmendu du datuak "egunez egun" aldatzen ari direla, orduak pasatu ahala salaketa gehiago iristen direlako.

Bermeoko irudi bat. MARISOL RAMIREZ
Nagore Arin.
2022ko otsailaren 23a
10:11
Entzun

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburuak adierazi duenez, Elizaren barruan eta testuinguru horretan izandako 41 sexu-abusu kasu ikertzen ari da Ertzaintza. Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean egin ditu adierazpen horiek, eta nabarmendu du datuak "egunez egun" aldatzen ari direla, orduak pasatu ahala salaketa gehiago iristen direlako.

Xehatu du, halaber, 41 kasu horietatik 36 Bizkaian gertatu direla, eta gainerako bost kasuak, Gipuzkoan. "Esku artean ditugun salaketen datuak aldatzen ari dira egunez egun, salaketa berriak iristen direlako; izan ere, hedabideetan ikusten den neurrian, beste batzuk animatzen ari dira, eta urratsa egiteko borondate hori erakusten dute", adierazi du Segurtasun sailburuak.

Ildo horretan, aitortu du kasu askotan zailtasun ugari aurreikusten dituztela ikerketetatik gauza garbirik ateratzeko, duela urte asko gertatutako kasuak direlako eta "protagonista asko hilda edo desagertuta" daudelako. Nolanahi ere, azpimarratu du hori ez dela arrazoia ez saiatzeko eta salatu nahi duten horiek salaketarik ez jartzeko. "Izan ere, errealitate juridikotik haratago, hemen giza sentimendu bat dago, eta pertsona horiek, ahal den neurrian, gizartearen konpentsazioa eta babesa behar dute; eta hori ez da salaketaren bidez bakarrik lortzen: gizartearen eta Eliza osoaren inplikazioa ere behar da", erantsi du.

Salatzeko deia

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere salaketa jartzeko deia egin zien atzo Elizaren barruan sexu abusuak jasan dituzten biktimei. Gobernu Kontseiluko bileraren ondoren egindako adierazpenetan hitz egin zuen gaiari buruz, Bermeoko (Bizkaia) Jose Done ikastetxean 1976tik 1981era gertaturiko hainbat abusu kasu salatu zituzten bi emakumeren testigantzei buruz galdetu ziotenean. Zupiriak adierazi zuen «mekanismo guztiak» jarri behar direla martxan Elizaren barruan sexu abusuak jasan dituztenentzat, barnean duten mina atera dezaten eta erreparatuak izan daitezen. Horregatik, biktimei galdegin zien Ertzaintzan edo epaitegietan sala dezatela gertatu zitzaiena, ikertu ahal izateko.

EITB taldeak eman ditu argitara salaketa horiek: jaso dituen lekukotzen arabera, urte tarte horretan sexu abusuak pairatu zituzten Jose Done ikastetxeko zenbait ikaslek. Menesiarrek kudeatzen zuten eskola hori, eta sexu abusuak egiteaz akusatutako gizona eskolako zuzendari izan zen garai hartan.

"Gizartea ezin da isilik geratu"

Bermeoko Udala ere mintzatu da gaiaren inguruan. Adierazpen instituzional bat plazaratu du, eta "ustezko" gertakariak "indar eta irmotasun osoz" gaitzesten dituela nabarmendu du. "Jose Done ikastetxean adin txikiko ikasleei egindako ustezko sexu abusuak giza eskubideen haustura larri eta jasanezinak dira, eta Bermeoko Udalak biktimen aldeko postura argi eta sendoa adierazi nahi du", azaldu du agirian. "Maitasun, babes eta elkartasunik zintzoena" helarazi die biktimei eta haien senideei, eta gaineratu du haien eskura jartzen dituela arreta eta laguntzarako udal zerbitzuak.

Gizartearen betebeharra ere nabarmendu dute udal ordezkariek: esan dute ezin dela isilik geratu, eta erantzun bat eman beharra dagoela. "Herritarrei dei egiten diegu gertakari hauei aurre egiteko", adierazi dute. "Dagozkien instituzioei" ere mintzatu zaizkie, eta "hartu beharreko neurriak" hartu ditzaten galdegin. Justiziari eta erreparazioari egin diete erreferentzia, horrelako gertakari "larriei" aurre egiteko ezinbestekoak direla iritzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.