Musika

Mark Lanegan hil da, 57 urterekin

Screaming Trees taldeko buru izan zen, baita Queens Of The Stone Age, Mad Season eta The Gutter Twins taldeetako gertuko kolaboratzaile ere. Bakarkako bidean itzal handiko erreferentzia izan da, halaber.

Mark Lanegan, 2018an, Paredes de Couran (Portugal). JOSE COELHO / EFE
itziar ugarte irizar
2022ko otsailaren 22a
21:56
Entzun

1990eko hamarkadatik aurrerako abeslari eta konposatzaile ikonikoenetako bat izan da askorentzat Mark Lanegan (Ellensburg, AEB,1964). Seattle (AEB) inguruan sorturiko rock-grunge mugimenduaren protagonistetako bat izan zen sasoi hartan, eta bakarkako bidea ere arrakastaz urratu zuen hasieratik. 1990. urtean eman zuen, hain justu, bakarkako lehen lana, The Winding Sheet, eta estudioko hamahiru lan utzi ditu denera; tartean, Bubblegum (2004) arrakastatsua, Panthom Radio (2014) eta Straight Songs of Sorrow (2020) azkena.

Talde ugariri lotutako izena da, orobat, Laneganena. Mad Season, The Gutther Twins, Soulsavers, Isobel Campbell, The Twilight Singers eta Queens of the Stone Agen aritu zen, eta hainbat eta hainbat musikarirekin ere kolaboratu zuen; Nick Cave, Moby, Slash eta Duke Garwoodekin, besteak beste.

1985ean sortu zuen Screaming Trees taldea Laneganek, Conner anaiekin batera, gitarra elektrikoen soinua distortsionatzeko pedal bati hartuta izena. Bederatzi lan grabatu zituzten 1996ra arte —2000n desegin zuten, ez zutelako topatu euren lanik grabatzeko prest egongo zen diskoetxerik—, eta tartean ekin zion bakarkakoari musikariak, modu paraleloan eta blues estilora gerturatuz. Inguruko hainbat musikarirengana ere jo zuen estreinako lan hartarako, tartean Nirvanako Kurt Cobain eta Krist Novoselicengana.

Queens Of The Stone Age taldearekin gero eta gehiago agertzen hasi zen Lanegan mende berriarekin batera. Kaliforniako taldearen bigarren lanean (Rated R, 2001), In the Fade kantuan hartu zuen parte, eta Songs for the Deaf (2002) entzutetsuan ere hiru kantutan aritu zen —A Song for the Dead, Hangin' Tree eta God Is In the Radio—. Ohikoa bihurtu zuten elkarlana, eta, beste proiektu batzuen artean, Afghan Whigs taldeko Greg Dullirekin sortu zuten gero The Gutter Twins taldea.

Haren gertukoek jakinarazi dutenez, gaur goizean hil da, Killarneyn (Irlanda).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.