Espainia

Casadok amore eman du, eta PP ezohiko kongresu bat egitekoa da

Zuzendaritza nazionala datorren asteartean da biltzekoa. Alderdiaren liderra babesik gabe geratu da. Teodoro Garcia Egea idazkari nagusiak dimisioa eman du.

Pablo Casado PPren liderra, Espainiako Senatuan, hilaren hasieran. VÍCTOR LERENA / EFE
Igor Susaeta.
2022ko otsailaren 22a
16:48
Entzun

Pablo Casado PPren presidentea babesik gabe, ia bakarrik, geratzen ari da alderdi barruan azken egunetan piztutako krisia dela eta. Orduak pasatu ahala, geroz eta nabariagoa da. Lurraldeetako buruzagiek, baroi deitutakoek, bizkarra eman diote, baita talde parlamentarioaren zuzendaritza kontseiluak ere. Horrenbestez, alderdiaren liderrak zuzendaritza nazionala bilduko du hurrengo asteartean, martxoaren 1ean, eta, alderdiaren ahots nabarmenek eskatu bezala, ezohiko kongresu batera deituko dute horren ondoren, agintari berriak aukeratzeko. Ez dago argi Casadok bere burua aurkeztuko duen karguan jarraitzeko. Teodoro Garcia Egea, behintzat, ez du alboan edukiko: Casadok 2018ko uztailean kargua hartu zuenetik idazkari nagusia izan denak dimisioa eman du, baroiek exijitu moduan.

Espainiako zenbait hedabidek alderdiaren iturriak aipatuz gaur arratsaldean kaleratu dutenez, Casadok ere prest dauka dimisioa. Bere gertukoek beste komunikabide batzuei adierazi diete, ordea, ez dela egia. El País egunkariaren arabera, PPren presidenteak adierazi dio babesa ematen dion buruzagi bakanenetako bati ez duela ulertzen zergatik alde egin behar duen, ez duela «ezer» egin. Bihar lurraldeetako buruzagiekin biltzekoa da alderdiaren egoitza nagusian, Madrilen (20:00). Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen anaiak kontratu publiko batzuen truke kobratutako komisioak direla-eta PP barruan sortutako gatazkak aurrean eraman du Casado.

Presiopean dago Casado, eta, atzo, zuzendaritza batzordearekin bildu eta gero, erabaki zuten datorren astelehenerako zuzendaritza nazionalera deitzea. Azkenean, baina, asteartean izango da. Bada alderik, gainera, zuzendaritza nazionalaren bileraren berri emateko PPk atzo eta gaur kaleratutako oharren artean. Atzokoan ez zion aipamenik egiten balizko ezohiko kongresu bati; gaurkoan, ordea, bai. Alderdiaren estatutuen arabera, zuzendaritza nazionalak du kongresu batera deitzeko eskumena, eta badago modurik horretara deitu eta hilabete bateko epean egiteko. Casadok denbora irabazi nahi izan du sostengua bilatze aldera, baina alferrikakoa izan da ahalegina.

Buruzagiez gain, Espainiako Kongresuko PPren talde parlamentarioaren zuzendaritza kontseilua ere kongresu batera deitzearen alde agertu da. Organo horretako hamahiru kideetatik zazpik ohar bat kaleratu dute hori eta Teodoro Garcia Egea alderdiaren idazkari nagusiaren dimisioa eskatuz, iruditzen baitzaie alderdia «oso larri» dagoela eta «berehalako erantzun eraginkorrak» behar dituela. Azken astean eztanda egin duen auzitik haratago, aintzat hartu behar da, gainera, alderdiaren lidergora heldu zenetik ez dituela emaitza onak lortu hauteskundeetan, eta ez dela gai izan Voxen gorakada kudeatzeko.

Orain ikusteko dago ezohiko kongresuan zein aurkeztuko den primarioetara. Pertsona batek, baroi batek, hain zuzen, erakarri ditu begirada guztiak: Alberto Nuñez Feijook, 2009tik Galiziako Xuntako presidente denak. Azken egunetan ia egunero mintzatu da hedabideen aurrean, baina presako erabakiak eskatzetik haratago, ez du argitu Casadoren lekukoa hartu nahi ote duen. Gaur, ordea, ekitaldi publiko batean, horretarako prest dagoela iradoki du: «Denok gara egoera honen erantzuleak. Maila eman behar dugu, eta erabakiak hartu behar ditugu; neuk barne». PPren Kantabriako presidente Maria Jose Saenz de Buruagak, esaterako, nabarmendu du Nuñez Feijoo alderdiaren «lider naturala» dela, eta «denak» atzetik dituela.

2018ko ekainean ere, Espainiako Kongresuak Mariano Rajoy Espaniako Gobernuko presidente (2011-2018) zein PPko buruaren (2004-2018) aurkako zentsura mozioa onartu eta gero, ematen zuen Nuñez Feijoo hautagai egokia izan zitekeela hura ordezkatzeko. Azkenean, baina, ez zen aurkeztu. Casado eta Soraya Saenz de Santamaria izan ziren hautagaiak —Jose Maria Aznarrek eta Rajoyk babestuta, hurrenez hurren— primarioetan, eta Casado nagusitu egin zen botoen %57 inguru lortuta. 2011tik da diputatua kongresuan, eta 2015etik 2018ra PPren Komunikazio idazkariordea izan zen.

Fiskaltza ikertzen hasiko da

Ustelkeriaren Aurkako Espainiako Fiskaltzak jakinarazi du ikertuko duela ea delitu zantzurik dagoen Ayusoren anaiarekin lotutako enpresa batek pandemiaren hasieran maskarak erosteko sinatutako kontratuan. Fiskaltzak kaleraturako dekretuan nabarmendu du salaketa jarri dutenek, Mas Madridek, PSOEk, eta UP Unidas Podemosek, «hainbat hipotesi» planteatzen dituztela, Diaz Ayusok «prebarikazioa, dirua bidegabe erabiltzea eta influentzia trafikoa» delituetan izan dezakeen balizko parte hartzea azpimarratuz.

Eta Madrilen jarraituz, Jose Luis Martinez Almeida Madrilgo alkateak iragarri du PPren bozeramailetza nazionala utziko duela. Agerraldi publiko batean jakinarazi duenez, Casadorekin adostuta hartu du erabakia, alkatetzan «zentratu» nahi duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.