Oinatz Bengoetxeak (Leitza, Nafarroa, 1984) atzo jokatu zuen agurraren aurreko azken partida, Tolosan (Gipuzkoa). Izan ere, larunbatean izango du profesionaletako azken partida, Labriten (Iruñea). Ibilbidearen azken etapan «emozio asko» sentitu duela adierazi dio pilotariak EFE albiste agentziari, eta nabarmendu du azken egunetaz «gozatzen» ari dela.
Hasieran, urtarrilaren 29an zen jokatzekoa profesionaletako azken partida, baina, lesio baten ondorioz, atzeratu egin behar izan zuen. Beraz, larunbatean izango du agurra, Mariezkurrenarekin, Artola-Arangurenen aurka. Pilotaleku «berezi» batean ariko dela adierazi du Bengoetxeak; izan ere, «Labrit berezia da nafar guztientzat; bertan dagoen giroa benetako festa da». Baina ez hori bakarrik, pilotaleku horretan debutatzea eta leku berean erretiratzea «gauza ederra» dela azaldu du leitzarrak.
Urriaren 5ean beteko dira hogei urte debuta egin zuenetik, eta bere ibilbide osoan 1.000 partida baino gehiago jokatu ditu. Denbora horretan «ausarta» izan dela adierazi du pilotariak, eta gaineratu du ez dela «ezertaz» damutzen. Hogei urte hauetan lortutako txapela guztiez «harro» dagoela dio, baina buruz burukoak nabarmentzen ditu Bengoetxeak, «historikoki garrantzi handiagoa» izan dutelako.