Balearretako Gobernuak (Herrialde Katalanak) Hezkuntza Lege proiektu berria aldatu du azken orduan, eta irakaskuntzan gaztelania komunikazio hizkuntza dela dioen artikulua kendu dute. Francina Armengon Balearretako presidenteak —Balear uharteetako Sozialisten Alderdia— akordio bat lortu du alderdi aliatuekin, parlamentuak bihar bozkatuko duen lege proiektuko artikulu hori kentzeko. Beraz, irakas-hizkuntzaren legea orain arte bezala mantenduko da. Hau da, ikasgaien %50 katalanez eman behar dira, baina, gero, ikastetxeek erabaki ahal izango dute ehuneko hori handitu ala ez. Halere, inola ere ezin izango da murriztu.
Duela egun gutxi parlamentuan aurkeztu zuten Hezkuntza Lege proiektu berriaren txostena. Bertan, katalanarekin batera, gaztelania ere irakas-hizkuntza berria zela aitortzen zen. PPk eta Ciudadanosek testua onartzea nahi zuen gobernuak, baina horrek alderdi aliatuak haserrearazi zituen, eta, erreferentzia horiek ezabatzeko, azkeneraino presio egin dute.
Irakaskuntzako eragile batzuek ere hainbat kritika egin zizkioten. «Demokrazia hasi zenetik Balearretan ezarritako ereduaren aurkako erasoa da», salatu zuten eragileek. Eta komunikazio hizkuntza katalana izan behar zuela gaineratu zuten. Halere, lege proiektu berriak ez du aipatzen zein den komunikazio hizkuntza, baina ulertzen da katalana izango dela, Hizkuntza Normalizatzeko Legeak hala aitortzen baitu.