Etxeko lanak behar bezala egin dituzte Jokin Altunak eta Julen Martijak. Garaipena behar zuten zuzenean finalaurrekoetara sailkatzeko, eta partida ikusgarria jokatuta irabazi diete txartel hori eskuratzeko ia aukerarik ez zuten Laso-Imazi.
Beraz, atzo Irribarria-Rezustak egindako hutsa baliatuta, Altuna III.a-Martija izango dira finalaurrekoetan, Elezkano II.a-Zabaletarekin batera. Kanporaketa, berriz, Irribarria-Rezustak, Laso-Imazek, Peña II.a-Albisuk eta Ezkurdia-Tolosa jokatuko dute, datorren ostiralean hasita.
Gaurkoan, neurketa 0-2 aurretik hasi dute urdinek, baina Altunak azkar zapuztu ditu Laso-Imazen itxaropen apurrak (0-22 edo 1-22 irabazi behar zuten txartela lortzeko). 2-2 berdindu dute neurketa, eta erakustaldia hasi du amezketarrak: markagailuak 8-3ko emaitza erakusten zuenerako, sei tanto zituen eginak. Hortik aurrera, pauso bat aurrera egin dute Baikokoek, eta gogortu egin dira tantoak (9-6).
Ez dute ezer oparitu urdinek, eta ikuskizun ederra ikusi dute Eibarko Astelena pilotalekua bete dutenek. Tanto luze eta gogor horietan, jokoan gutxiago sartu da Altuna, eta gehiago sufritu du Martijak (10-10). Jokoan sartu ahal izan denetan, ordea, min egiten jarraitu du amezketarrak, eta defentsan lan egitea tokatu zaionean ere ondo erantzun du (19-11). Une horretan, hamalau egindako eta galdutako bakarra zituen aurrelariak. Amaieran, hamasei egindako eta bi galdutako.
Neurketa erabakita zegoela zirudien arren, borrokoan jarraitu dute urdinek, eta tanto ikusgarriak utzi ditu partidak azken unera arte (22-15). Bikote gisa, hirugarren aldiz jokatuko dituzte finalaurrekoak Altunak eta Martijak. Aurreko bietan ez ziren finalera iritsi. Ea aurten lor dezakete.
Irribarria-Rezusta, kanporaketara
Atzo, Irribarria-Rezustak nahikoa zuten Labriten Peña II.a-Albisuri irabaztea zuzenean finalerdietarako sailkatzeko. Baina ez zuten lortu: 22-14 galdu zuten.
Peña-Albisuk bazekiten ez zutela aukerarik zuzenean finalerdietan jokatzeko, eta derrigorrez kanporaketa bat jokatu beharko zutela. Bada, presiorik gabe jardun zuten, eta horrek mesede egin zien. Kontrakarrean aritu ziren, berriz, Irribarria-Rezusta. Lotuta. Eta, nahiz eta partidaren erdian aldea apur bat murriztu zuten, Peña-Albisuri ez zien garaipenak ihes egin.
Horrenbestez, azken partida irabazteak uzten duen aho zapore onarekin ailegatuko dira datorren asteburuko kanporaketetara. Irribarria-Rezustak, berriz, ez zituzten etxeko lanak egin, eta kanporaketara bidali ditu Altuna III.a-Martijaren garaipenak.
Txapelketatik kanpo geratu dira, berriz, Jaka-Mariezkurrena II.a eta Urrutikoetxea-Aranguren.