Alderdiak

EAko ildo kritikoak «alderdiaren demokratizaziorako talde eragilea» sortu du

Maiorga Ramirez eta gainontzeko kanporatuen lekukoa hartuko du talde horrek. Bitartean, Eba Blancok amaitutzat jo du eztabaida, eta gaitzetsi egin du «ildo kritikoak sortu duen ikuskizuna».

Esther Larrañaga, gaur, ildo kritikoaren buru izango den talde berria aurkezten, Gasteizen. L. RICO / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko otsailaren 20a
15:26
Entzun

Amaitu da, oraingoz, Eusko Alkartasunako zuzendaritzaren eta alderdiko ildo kritikoaren arteko talkaren azken kapitulua. Alderdiak XIII. Nazio Biltzarreko kongresua egin du asteburu honetan Gasteizen, baina kritikoek ez dute batzarrean parte hartu, eta bilkura propio bat egin dute, atzo eta gaur, Gasteizen hura ere.

Zuzendaritzak bere ildoari eutsi dio: atzo aurrera atera zituen txosten politikoa eta estatutu berria, eta gaur erabaki dute Eba Blancok jarraituko duela alderdiko idazkari nagusi izaten. Harena zen hautagaitza bakarra. Boto eskubidea zuten 249 konpromisarioetatik 135ek hartu dute parte bozketan, eta Blancoren aldeko 134 botorekin onartu dute haren hautagaitza. Atzo, antzeko babesa izan zuten txosten politikoak eta estatutu berriak. Izan ere, ildo kritikoko kideek uko egin diote kongresuan parte hartzeari, eta bilkura propio bat egin dute.

Han, gaur, «alderdiaren demokratizaziorako talde eragilea» aurkeztu dute. Bihartik afiliazioa etengo diete, lau urterako, sektore kritikoko Maiorga Ramirezi, Iratxe Lopez de Aberasturiri, Mikel Goenagari, Miren Aranoari eta Esther Korresi. Alderdiaren Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iruñeko koordinatzaileak izan dira gaur arte. «Arau hauste oso larriak egitea» egotzi die zuzendaritzak.

«Alderdiaren demokratizaziorako talde eragileak» hartuko du haien lekukoa; Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu izandakoak egin ditu talde sortu berriaren bozeramaile lanak. Asteburuan zehar, berriz, Carlos Garaikoetxea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakari ohia izan dute buru ildo kritikokoek.

Talde berriko kideak alderdian postu organikorik ez duten pertsonak dira. Larrañagak, ordea, argi utzi du ildo kritikoaren ideiak zabaltzeko lanean jarraituko dutela, «Eusko Alkartasunak demokratizazio handiagoa eta EH Bilduren barruan independentzia handiagoa izan dezan». Gogor jo du alderdiaren egungo zuzendaritzaren aurka, eta azpimarratu du EA «inoiz baino beharrezkoagoa» dela EH Bildun.

Kritikoen ikuskizuna

Bestetik, kongresu ofizialean, Eba Blancok gaitzetsi egin du «ildo kritikoak sortutako ikuskizuna», eta amaitutzat jo du «EA EH Bildutik kanpo utzi nahi duen joeraren ibilbidea.

Ildo kritikoaren arabera, EAk egin duen kongresuak ez du zilegitasunik. Idazkari nagusi hautatu berriak erantzun egin die kritikei, eta argi utzi du zuzendaritza berriak «erabateko babesa eta zilegitasun demokratikoa» dituela alderdia gidatzeko.

Eztabaidatik kanpo, pozik agertu da zuzendaritzak proposatutako txosten politikoa onartu dutelako. Azaldu duenez, ildo kritikoaren proposamenak, «praktikan, EH Bildutik kanpo utziko zuen EA»: «Asteburu honetan itxi dugun kapitulu bat da eztabaida hori».

EH Bildun bai, baina nola?

Sektore kritikoak, ordea, ez du hori hala izaterik nahi. Aurrez aurkeztu zuten osoko zuzenketa onartu dute asteburu honetan; hau da, EH Bildu «koalizio elektoral jakinetara» bideratzearen alde egin dute. Nafarroako Parlamentuko mahaikide eta ildo kritikoko kide Maiorga Ramirezek atzo adierazi zuen horretarako beharrezkoa dela EA «birdemokratizatzea», alderdiak «bere nortasuna» berreskura dezan. Ramirezen hitzetan, hori da EH Bilduk atxikimendu handiagoa eskuratzeko eta Euskal Herriko politikan «hegemonia» lortzeko modua. Izan ere, kritikoen ustez, egungo zuzendaritza «putzu ilun batean» sartzen ari da alderdia.

Zuzendaritzak, berriz, argudiatu du «zaintza erdigunean jarriko duen planteamendu politiko bat» dela onartu dutena, sozialdemokraziaren eta Euskal Herri «aske, justu, duin eta bakezale baten» aldeko hautua. Era berean, zuzendaritzaren eta ildo kritikoaren arteko desadostasunei aipamen eginez, adierazi dute «EH Bildurekiko harremanean sakontzearen aldeko apustu garbia» egin duela EAko afiliazioak, koalizioaren izaera federala nabarmenduta: «Funtsezkoa da federazioa osatzen duten alderdi politikoen zeregin nagusia EH Bildun kokatzea, bakoitzaren protagonismo politiko propioa errespetatuz, euren lana, ibilbidea eta altxorra federazioaren sintesian modu garbian eta batuketa moduan sar daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.