Ukraina

Nazioarteko begiraleak kezkatuta daude, egiaztatu dutelako Donbassen nabarmen areagotu dela indarkeria

ESLAk nabarmendu du azken orduetan hirukoiztu egin direla erasoak. Ukrainako armadak jakinarazi du milizia errusiazaleek bi soldadu hil dituztela. Donetsk eta Luhanskeko liderrek mobilizazio militarrera deitu dute.

Ukrainako armadako erreserbistak maniobrak egiten, gaur, Kiev inguruan. SERGEY DOLZHENKO / EFE
Igor Susaeta.
2022ko otsailaren 19a
18:00
Entzun

Azken egunetan, borrokak areagotu egin dira Ukraina ekialdeko Donbass eskualdean. Donetsk eta Luhanskeko herri errepublika errusiazaleetako miliziek eta Ukrainako armadak elkarri egozten diote Minskeko Akordioek (2015) helburu zuten su-eten iraunkorra urratzea, eta ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundea «oso kezkatuta» dago elkarteko nazioarteko begiraleek Donbassen bertan egiaztatu dutelako azkeneko orduetan indarkeria armatuak nabarmen egin duela gora.

Ohar bat plazaratu zuen ESLAk atzo gauean, eta datu zehatzak eman zituen. Ostiralean bakarrik, 800 aldiz urratu zuten akordioetan jasotakoa; hau da, aurreko hilabetean zenbatutako kasuen batezbestekoa halako hiru baino gehiago. Ekintza horietatik 654 leherketak izan ziren; azken 30 egunetan, batez beste, 100 baino gutxiago izaten ziren egunero. Ukrainako armadak Facebook bidez adierazi duenez, bi soldadu hil dira gaur, Errusiak militarki lagundutako milizien bonbardaketa baten ondorioz. «Tentsioa baretzeko» eta «etsaikeria» eragiten duen erretorika baztertzeko eskatu die ESLAk alde guztiei. «Jarrera horrek zulatzen ditu bakea, egonkortasuna, eta segurtasuna sustatzeko ahaleginak».

Errusiako Gobernuari zuzenean mintzatu zaio elkartea, iruditzen baitzaio Vladimir Putin presidentea ari dela «desinformazioa» hedatzen, adierazten duenean Ukrainako armadak Donetsk eta Luhansk errepublikei eraso egingo diela. ESLAren ustez, horrek «modu kritikoan» eragiten dio gatazka guneko biztanleria zibilari. Kievek, baina, ukatu egiten du eraso egiteko asmorik duela. Aintzat hartu behar da herri errepubliketako liderrek atzo esan zutela hasiak zirela herritarrak Errusiara eramaten, uste baitute Kievek laster eraso egingo diela. Kremlinekin adostu dute mugimendu hori, eta Putinek baliabideak agindu ditu horiei harrera egiteko. Herri errepubliken buruen arabera, 700.000 bat herritar dira eramatekoak; Donetskeko Larrialdi Ministerioak jakinarazi du, gaur, 7.000 baino gutxiago lekualdatu dituztela.

Tentsioa handia da, eta Luhansk eta Donetsk errepubliketako liderrek, Denis Puxilinek eta Leonid Pasetxnikek, hurrenez hurren, mobilizazio militarrerako deia egin dute, Reuters berri agentziak kaleratu duenez. «Dei egin nahi diet arma bati eskuekin hel diezaioketen errepublikako gizon guztiei, beren familia, seme-alabak, emaztea eta emakumeak defenda ditzaten», nabarmendu du Puxilinek, dekretu batean. Antzeko beste dekretu bat argitaratu du Pasetxnnikek ere.

Mendebaldeko potentziak esaten ari dira Donbassen gezurrezko krisi bat sortzeko ahaleginean ari dela Errusia, horrela aitzakia bat edukitzeko Ukrainari eraso egiteko. Moskuk ukatu egiten du inbasio bat aurrera eraman nahi duela. Kamala Harris AEBetako presidenteordearen esanetan, eraso bat gertatuz gero, Errusiaren aurka «orain arte ez bezalako neurriak» hartuko lituzkete Washingtonek eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak. «Errusiako finantza erakunde eta industria funtsezkoen kontra egingo genuke». Putini esan dio, gainera, inbasio bat gertatuz gero Mendebaldeko aliantza militarrak Europa ekialdean duen presentzia indartzen lagunduko dutela AEBek.

Municheko Segurtasun Konferentzian egin ditu adierazpenok Harrisek. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere konferentzian parte hartu du, eta nabarmendu Europa prest dagoela Errusiatik iristen den gas hornikuntzaren etete baterako. EBk inportatzen duen gas guztiaren %37 inguru Errusiatik ailegatzen da. Von der Leyenen esanetan, «dibertsifikazio energetikoa» da Bruselaren helburuetako bat. Ohartarazi du, ildo horretan, Gazprom Errusiako gas konpainia «jarrera bitxia» edukitzen ari dela azken hilabeteotan.

Zelenskiren eskaera

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea ere Munichen izan da, eta Donbassko egoera aintzat hartuta, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari eskatu dio bilera batera deitu dezala. «Datorren astean bilatu behar dira Ukrainarentzako segurtasun berme berriak Segurtasun Kontseiluko herrialdeekin, eta Europaren, Alemaniaren eta Turkiaren parte hartzearekin». Bide batez, azpimarratu du bide orri bat falta dela Ukrainak NATOko kide bihurtzeko «balizko» bidea has dezan.

Bien bitartean, Alemaniako Gobernuak eskatu die Ukrainan bizi diren alemanei herrialdetik «ahalik eta azkarren» atera daitezela, «edozein unetan» has daitekeelako gatazka militar bat. Frantziako Gobernuak ere eskaera bera egin die han bizi diren frantziarrei. Frantziako Atzerri ministro Jean-Yves Le Drianek Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovekin hitz egin du gaur, eta ohartarazi dio Ukrainaren aurkako eraso batek Europako estatuen eta aliatuen «erantzun bateratu bat» eragingo lukeela. Hain zuzen, Emmanuel Macron Frantziako presidentea Putinekin telefonoz hitz egitekoa da, bihar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.