Bilboko Guggenheim museoaren atzealdean aurkeztu dute dozena erdi herritarrek aurten Aberri Eguna ospatzeko proposamena, EH Batera plataformak elkartuta. Aurten apirilaren 17an, Aberri Egunean, Udaberriko ikurraldia deitu duten ekinaldian parte hartzera deitu dute. Asmoa da egun horretan norberak bere eran keinu bat egitea: «mendian, taldean, dantzan...». Deitzaileek ikurraldi horren garrantzia azpimarratu dute: «Herritarron esku baitago euskal komunitatearen ospakizuna antolatzea eta ikurrak lau haizeetara banatzea».
Aurreko bi urteetan ez bezala, «garai berri batera urratsa emateko baldintzetan» ospatzeko modua ikusten dute deitzaileek, eta mugarri bat izan daitekeela uste dute. Gogoratu dute aurten 90 urte beteko direla Bilbon lehen Aberri Eguna ospatu zenetik, eta azpimarratu dute Aberri Egunak gaitasuna duela euskal komunitatea elkartzeko eta hari balioa emateko.
Maitena Diribarne irakasleak eta Irantzu Perello abokatuak hartu dute hitza ekitaldian. Azaldu dutenez, diaspora ahaldundu nahi dute aurtengo Aberri Egunean. Batera plataformak euskal komunitatea batzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, eta horretan lan egingo duela azpimarratu du, «interlokuzio eta harremanen bidez».
Azken bi urteak, pandemiak baldintzatuta
Aurreko bi urteetan, pandemiak baldintzatuta ospatu da Aberri Eguna. 2020an, herritarrak etxean konfinatuta zeudela iritsi zen egun hori, eta leiho eta balkoietan ikurrinak eta Nafarroako banderak ipini eta ordu jakin batean kantatzera deitu zuen Baterak. Iaz, murriztapenak baziren ere, kalean ospatu zen Aberri Eguna, baina pilaketa handiak saihestuz; auzo eta herrietan bildu ziren herritarrak.
«Pandemia garaia atzean uzteko garaia heldu da. Pixkanaka bada ere, plazara ateratzeko urtea izango da aurtengoa», zioten gaurko ekitaldiaren deitzaileek aurkezpenean.