Binakako Txapelketa

Elezkano eta Zabaleta, asteburuko beste partidei begira

Azkoitian 22-18 irabazi diete Jaka eta Marizkurrenari, eta azken bikote hori txapelketatik kanpo geratu da. Gaur eta bihar erabakiko da zeintzuk pasako diren zuzenean finalerdietara eta zeintzuk jokatuko duten aurreko kanporaketa.

Elezkano pilota jotzen, aurreko partida batean. ANDONI CANELLADA, FOKU
jon ordonez garmendia
2022ko otsailaren 19a
06:44
Entzun

Irabazi egin behar zuten eta hala egin dute bart Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak Azkoitian. 22-18 irabazi diete ostiral gauean Jaka eta Mariezkurrenari, eta azken bikote hori Eskuz Binakako Txapelketatik kanpo geratu da. Irabazleek orain gaur eta bihar jokatuko diren partideetako emaitzen zain egon beharko dute zuzenean finalerdietarako sailkatzen diren edo atariko kanporaketa jokatu beharko duten jakiteko.

Ligaxka amaitzeko hiru partida falta dira jokatzeko, eta horietako bitan erabakiko dira finalerdietarako zuzeneko txartelak norentzat izango diren. Gaur Iruñean Labrit pilotalekuan Irribarriak eta Rezustak Peña eta Albisuren aurka jokatuko dute, eta bihar Eibarren, Altunak eta Martijak, Laso eta Imazen aurka. Elezkanok eta Zabaletak hamalau garaipen dituzte, eta Irribarria-Rezusta eta Altuna-Martija bikoteek, hamahiruna. Azken bi bikote horiek jardunaldi honetako partidak irabazten badituzte, biak zuzenean sailkatuko dira finalerdietarako.

Bi bikote horietakoren batek galtzea behar dute Elezkanok eta Rezustak finalerdietarako orain sailkatzeko; bestela, aurreko kanporaketa jokatu beharko dute. Atzo sendo aritu ziren Azkoitian. Zabaletak ederki jo zuen pilota atzeko koadroetan eta Elezkanok asmatu egin zuen aurrekoetan. Jaka eta Mariezkurrenak hasieran eutsi egin zieten gorrien jokoari, 4-4kora arte, baina bost tanto egin zizkieten gero horiek jarraian, eta aldea erabakigarria izan zen. Urdinek ez zuten atzo egunik onena izan, eta azken postuan amaituko dute txapelketa, lau garaipenekin.

Elezkanoren eta Zabaletaren garaipenaren ostean, finalerdietan sartzeko beste bikoteen aukerak hauek dira:

Irribarria-Rezusta: Peña eta Albisuren aurka irabaziz gero finalerdietan izango dira eta aurreko kanporaketa saihestuko dute. Gaur galdu eta astelehenean Altunak eta Martijak galtzen badute ere sailkatu egingo dira. Bestela, aurreko kanporaketa jokatu beharko dute.

Altuna-Martija: Irabaziz gero sailkatu egingo dira. Astelehenean galtzen badute, eta gaur Irribarriak eta Rezustak irabazten badute, aurreko kanporaketa jokatu beharko dute.

Laso-Imaz: Altuna eta Martijari irabazi eta Irribarriak eta Rezustak galtzea behar dute finalerdietarako zuzenean sailkatuta egoteko. Bestela, aurreko kanporaketa jokatu beharko dute.

Urrutikoetxea-Aranguren: finalerdietarako sailkatzeko aurreko kanporaketa jokatuko dute bihar Zallan Ezkurdia eta Tolosari irabazten badiete, eta Jakak eta Mariezkurrenak galtzen badute. Jakak eta Mariezkurrenak irabazi baina Peñak eta Albisuk galtzen badute ere, kanporaketa horretarako sailkatuko dira, beti ere, bihar irabazten badute.

Ezkurdia-Tolosa: duela gutxi txapelketa honetan zereginik ez zutela zirudien arren, Urrutikoetxeari eta Arangureni irabazten badiete, finalerdietarako aurreko kanporaketa jokatuko dute.

Sailkapena

1. Elezkano II.a-Zabaleta
Garaipenak 10, tantoak alde 272; tantoak kontra 219, tantoen aldea +53

2. Irribarria-Rezusta
Garaipenak 9, tantoak alde 263, tantoak kontra 196, tantoen aldea +67

3. Altuna III.a-Martija
Garaipenak 9 tantoak alde 245, tantoak kontra 216, tantoen aldea +29

4. Laso-Imaz
Garaipenak 8, tantoak alde 255, tantoak kontra 235, tantoen aldea +20

5. Peña II.a-Albisu
Garaipenak 5 tantoak alde 219, tantoak kontra 254, tantoen aldea -35

6. Ezkurdia-Tolosa
Garaipenak 4, tantoak alde 218, tantoak kontra 253, tantoen aldea -35

7. Urrutikoetxea-Aranguren
Garaipenak 4, tantoak alde 213, tantoak kontra 256, tantoen aldea -43

8. Jaka-Mariezkurrena II.a
Garaipenak 4, tantoak alde 231, tantoak kontra 287, tantoen aldea -56

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.