Krisia PP-n

Ayusok adierazi du haren anaiaren kontratuan ez dela «legez kanpoko ezer egon»

Madrilgo erkidegoko presidenteak argitu du haren anaiak 55.850 euro jaso zituela, kontraprestazio gisa. Casadok, berriz, «tamalgarritzat» jo du egoera, eta Ayusori azalpenak eskatu dizkio.

Isabel Diaz Ayuso Madrilgo erkidegoko presidentea, Madrilgo Asanblean. JAVIER LIZON / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko otsailaren 18a
19:45
Entzun

Gero eta pitzadura gehiago sortzen ari zaizkio Alderdi Popularrari. PPren lema hartzeko lehian, Pablo Casado alderdiko presidentearen eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo erkidegoko presidentearen arteko gerra, lurperatua zegoena, argitara atera da azken gertakariarekin, alderdian bertan lurrikara eragiteraino. Eta nola, gainera. Madrilgo presidentearen anaia Tomas Diaz Ayusok kontratu publikoen truke komisioak kobratu ote zituen ikertzen ari da PPko zuzendaritza. Zehazki, Ayusoren anaiarekin lotutako 1,5 milioi euroko kontratu bat dago ikerketapean, ustez Priviet Sportive SL enpresatik maskarak erosteko erabili zena. Ayusoren eta haren anaiaren aurkako ustezko espioitzak Madrilgo presidentea «sumindu» du, eta zuzendaritzari leporatu dio mataza handi bat sortu duela, politikan egiten ari den «bide anbiziotsua zapuzteko».

Anabasaren erdian, Ayusok ohar bat argitaratu du gaur eguerdian, eta aitortu du haren anaiak 55.850 euro —eta BEZa gehituta— kobratu zituela Txinan materiala lortzeko gestioengatik. Oharrean adierazi duenez, «kontraprestazio gisa» kobratu zuen «bere lanagatik», eta ez bitartekaritza batzorde batengatik. Era berean, berretsi du ez zuela eraginik izan kontratua anaiari lotutako enpresari esleitzeko garaian, eta ukatu egin du Priviet Sportivetik kobratu zuena «administrazioaren kontratua lortzeagatik komisio bat» izan zenik. «Ez da legez kanpoko ezer egon».

Ayusok azaldu duenez, beti uko egin dio anaiaren lan jarduerari buruzko azalpenak emateari, eta nabarmendu du haren jarduna ez duela «inoiz oztopatu». Aldiz, onartu du agian «oker» aritu dela, baina «iraingarria» iruditu zaio anaiaren eta enpresaren arteko harreman komertzialak argitu behar izatea, «inork azalpenik eman ez dituen informazioetan oinarritutako susmoengatik». Azalpen horiek PPren zuzendaritzak bere «ohorea» eta Madrilgo Gobernua «zalantzan» jarri ondoren eman dituela babestu du.

Bada, Ayusok oharra zabaldu aurretik, Pablo Casado PPko buruak hitz egin du, eta aitortu «oso harrituta» eta «atsekabetuta» dagoela. «Horrelakorik ez dut merezi». Gainera, adierazi du Ayusoren anaiari buruzko txostena ez zela Moncloatik etorri. Ez du argitu nahi izan nork bidali zion, erakunde publiko batetik jaso zuela iradoki zuen arren. Nolanahi ere, zehaztu du Ayusoren anaiak 286.000 euroko komisioa kobratu zuela. Casadok Ayusori argi esan dion zein den bere eginbeharra: «Nire lana da bermatzea PPk gobernatutako erkidego batek ere ez duela praktika ustel bat egin». Ayusori eskatu dio argitu dezala haren anaiak kontratu horrengatik jaso zuen komisioa: «[Ayusok] Ez zidan informazioa eman nahi izan».

Horrez gain, Casadok azaldu du PP «bere barne eremuan» informazioa eskatzera mugatu dela, eta baztertu egin du «modu inkisitorialean» jokatu duenik. Bere ustez, elur bola gero eta handiagoa egiten ari da, eta horrek guztiak amaitu egin behar du. «Era pribatuan argitu behar zen, ikuskizun tamalgarri hau saihesteko», deitoratu du. Halaber, Casadokk ukatu egin du PPko zuzendaritzak Ayusoren gertukoak zelatatzeko ikertzaile bat kontratatu zuela: «Erabat gezurra da. Halere, amu bat izan daiteke kontratuaren xehetasunak nolabait estaltzeko». Ildo beretik, Jose Luis Martinez Almeida Madrilgo alkateak ere baztertu egin zuen Madrilgo Udalak dirua erabili zuenik detektibe bat kontratatzeko eta Ayuso zelatatzeko.

Bi dimisio, bi egunetan

Madrilgo presidentea eta PPko zuzendaritza elkarri mokoka aritu dira azken bi egunetan hedabideen aurrean. Ayuso zorrotz mintzatu zitzaien alderdiko buruzagiei, eta batez ere Casado alderdiko presidenteari, Espainiako zenbait komunikabidek ustezko ikerketaren inguruko albistea eman zutela eta: «Zure alderdiko buruzagiek babestu beharrean, zu suntsitu nahi izatea oso mingarria da». Aldiz, Teodoro Garcia Egea alderdiko idazkari nagusiak gogor kritikatu zuen Ayuso, «guztia eman dion zuzendaritzaren aurka modu ankerrean eta bidegabean jokatzeagatik».

Hala, PPko zuzendaritzak Madrilgo presidenteari espedientea zabaldu dio, eta zerbitzu juridikoak «zuzenbidean» egin beharreko urratsak aztertzen ari direla adierazi zuen Egeak. PPk ez du sekula kargu publikoan dagoen buruzagi bat kanporatu; beraz, ez dago aurrekaririk. Ayusori espedientea zabaldu diotela eta, PPren estatutuen arabera, «desleialkeria» egotziz gero, alderditik kanporatua izango litzateke.

Ayusoren eta Casadoren arteko krisia piztu zenetik, PPko bi kidek eman dute dimisioa azken egunetan: Angel Carromero Madrilo PPren goi-kargunak alkatetzako koordinazioko idazkari gisa eta PPko sare sozialetako arduradun nagusi Ismael Sirio Lopezek.

Egoera katramilatsu horren aurrean, Madrilgo Asanbleako Mas Madrid alderdiak, Unidas Podemosek eta PSOEk Ayusoren eta haren anaiaren ustezko ustelkeria argitzeko eskatu zioten atzo Espainiako Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.