Hizkuntza politikan «jarrera defentsibotik proaktibora» igaro dadin eskatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, «oso nabarmen geratu da euskararen estatusean jauzi kualitatiboa egiteko premia», eta Eusko Jaurlaritza «bide horri» ekiteko prest ote dagoen galdetu dio Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari: «Gu prest gaude eremu politikotik euskalgintzaren eskariei erantzuteko, baina, noski, guk bakarrik ezin dugu; Jaurlaritza bidelagun izatea eta Jaurlaritzak jauzi hori ematea funtsezkoa da. Badugu aukerarik bide horri elkarrekin ekiteko?»
Azkenaldian epaitegiek hizkuntza eskubideen kontra hartutako epaien harira egin dio proposamena Uberak. Haren esanetan, epai horietatik ondoriozta daiteke botere judiziala epaileen bidez «hizkuntza politika berria» ezarri nahian ari dela. Ohartarazpena egin du, gainera: «Lehen zailtasunak bagenituen aurrera egiteko, gaur egun, gizarteko sektore atzerakoienetatik bultzaturiko aniztasun zapalkuntza goseak sustatuta, epaitegietatik datorkiguna etor daitekeenaren atarikoa baino ez da». Sailburuari galdetu dio Jaurlaritza zer egiteko prest dagoen «eraso» horien aurrean.
Zupiriak bat egin du Uberaren kezkarekin, eta aspaldian «euskararen normalizazioari mesede egiten ez dioten mezuak, epaiak eta erabakiak» izan direla nabarmendu du. Hala ere, gogoratu du Eusko Legebiltzarraren gehiengoak legez besteko proposamen bat onartu zuela, Irungo Udaltzaingoaren aferan Irungo Udalaren kontra emandako epaia arbuiatzeko. «Euskara normalizatzeko bidean lanean» jarraitzeko eskatu zion orduan legebiltzarrak Jaurlaritzari, sailburuak oroitarazi duenez; hala nola 86/1997 dekretua, administrazioan euskararen erabilera arautzen duena, berritzeko. Bada, Jaurlaritza horretan ari dela nabarmendu du Zupiriak, «gainerako erakundeekin elkarlanean eta erakunde bakoitzak dituen eskumenak errespetatuz».
Bestalde, hizkuntza eskubideen aurkako epaiak jaso dituzten udalei laguntza ematen ari direla azpimarratu du: «Beraien hizkuntza planifikazioaren aurkako sententziak daudenean, ari dira egoki ikusten dituzten errekurtsoak aurkezten, eta kasuan-kasuan eskatzen diguten laguntza diskrezioz eta haien eskumenak errespetatuz ematen ari gara. Gure erantzuna izan da laguntza edo irizpidea eskatu diguten udalei laguntzea».
Uberak, ordea, ohartarazi dio horrekin ez dela nahikoa, eta eskatu dio ez mugatzeko soilik «epaitegien aurrean defentsarako laguntza ematera». Irungo Udalaren kontrako epaiaren ondoren, administrazio publikoko legea babesteko «elkarrekin bidea irekitzen» saiatu zirela esan dio Zupiriari, baina ez zutela lortu. Laster, ordea, Uberak uste du bide horri berrekiteko aukerak izango direla, hala ere. Estatus politikoaren eztabaida ere ekarri du hizpidera, Iñigo Urkullu lehendakariak asteon eztabaida berrartzeko asmoa agertu duela eta: «Agian baieztapen horrek zer pentsarazi beharko liguke gure hizkuntza eskubideei dagokienean ere».