'Euskaldunon Egunkaria'

Hemeretzi urte bete dira 'Euskaldunon Egunkaria' itxi zutela

Joan Mari Torrealdairen hil osteko liburuaren inguruko solasaldi bira batekin gogoratuko dute 'Euskaldunon Egunkaria' itxi zuteneko 19. urteurrena.

'Euskaldunon Egunkaria'-ren aldeko elkarretaratze bat Durangon, 2009ko abenduaren 6an. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Edu Lartzanguren.
2022ko otsailaren 18a
11:43
Entzun

2003ko otsailaren 20an, gaur dela hemeretzi urte, Guardia Zibila Euskaldunon Egunkaria-ren hainbat egoitzatan sartu zen, eta euskara hutsezko kazeta bakarra desagerrarazi zuen, egun batetik bestera. Urteurren berezia izango da aurtengoa, Joan Mari Torrealdaik idatzitako ‘Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta’ liburuaren inguruko solasaldi bira batekin ekarriko dutelako gogora gertatutakoa.

Lan horretan, Torrealdai kazetari, idazle eta euskaltzaleak kontatu zuen Euskaldunon Egunkaria nola sortu eta garatu zen. Sorreratik itxi artean egunkariaren historian gertaturiko mugarrien berri eman zuen, bere bizipenekin eta gogoeta pertsonalekin josita. Torrealdai hil ondoren argitaraturiko lana da. Izan ere, bere azken bizi urteetan ekin zion liburua taxutzeari, baina gaitzak galarazi zion hura amaitzea, eta lan hori Joanmari Larrarteri eman zion. Torrealdaik ondorioztatu zuenez, Euskaldunon Egunkaria, hau da, euskarazko egunkari nazional bat, gizarte ekimenetik sortu zen, eta «euskalgintzaren arrakasta» izan zen. Torrealdai 2020ko uztailaren 31n hil zen, minbiziak jota.

Horren inguruan hitz egiteko solasaldi bira hasiko da datorren astean. Lehenengo saioa otsailaren 22an egingo dute, asteartean, 19:00etan, Arrasateko Kulturaten (Gipuzkoa). Hurrengo egunean, Ondarroako Kofradia zaharrean arituko dira (Bizkaia), 19:00etan. Martxoaren bian, Gasteizko Oihaneder izango da agertokia, eta martxoaren 3an, Iruñeko Laban. Larrartek aurkeztuko du liburua, eta tokian tokiko Egunkaria Batzordeetako kideek hitz egingo dute.

Torrealdai bera izan zen duela hemeretzi urteko egun hartan atxilotu zituztenetako bat. Andoaingo Martin Ugalde parkeko egoitzan eta Gasteizko, Iruñeko eta Bilboko ordezkaritzetan giltzarrapoa jarri zuen Guardia Zibilak. ETArekin lotura zuela argudiatuta itxi zuten kazeta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz. Operazioan, Torrealdairekin batera, preso eraman zituzten Madrilera Xabier Alegria, Txema Auzmendi, Inma Gomila, Luis Goia, Fermin Lazkano, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Iñaki Uria eta Pello Zubiria.

Horietatik, Del Olmo epaileak baldintzarik gabe bidali zituen kartzelara Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria; eta bermea ezarri zien Otamendiri, Lazkanori, Gomilari eta Goiari. Pello Zubiria erietxean zegoen orduan, eta espetxera bidali zuen gero.

«Nahi dutena egiten dute: arratoiak bezala tratatu gaituzte», esan zuen Otamendik, Guardia Zibilaren eskuetan pairaturiko torturen berri eman zuenean, libre geratu eta berehala. Beste atxilotuetako batzuek ere torturak salatu zituzten.

Donostian manifestazio erraldoia egin zuten milaka lagunek, euskaldunen eskubideen zapalketa salatzeko, eta egunkariari, langileei eta atxilotutakoei babesa emateko. Egunkaria itxi arren, langileek ez zioten, edonola ere, huts egin kioskoetan irakurleekin zuten hitzorduari, eta Egunero kazeta argitaratu zuten itxieraren hurrengo egunetik aurrera. Hurrengo uztailean BERRIA egunkaria jaio zen.

Amesgaiztoa ez zen amaitu egunkaria ixtearekin. Hurrengo zazpi urteetan, buru gainean urte askoko kartzela zigorren ezpata zutela bizi behar izan zuten akusatuek, eta epaiketa luzea izan zen. Horretan frogatu zen ETAren eta Egunkaria-ren arteko ustezko lotura Guardia Zibilak asmatu egin zuela kazeta ixteko. Akusatu guztiak errugabetu egin zituzten, azkenean.

Hemen, itxieraren 15. urteurrenaren harira eginiko bideoa:

2020ko azaroan Sisiforen paperak antzezlana estreinatu zuen Tanttaka konpainiak. Euskaldunon Egunkaria-ren itxieran oinarritutako lana da Sisiforen paperak, Harkaitz Canok idatzitakoa, eta Fernando Bernuesek zuzendutakoa, eta Euskal Herriko zein kanpoko hainbat agertokitan taularatu zuten, arrakasta handiz.

Iazko urteurrenean, Paperezko hegoak dokumentala estreinatu zuten Samara Veltek eta Josu Martinezek. Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako operazioa nola eta zergatik egin zen azaldu zuten horretan. Filmak Donostiako 69. Zinemaldiko Zinemira sailean parte hartu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.