Euskal presoak

EH Bilduk uste du Atristainen inguruko erabakia beste dozenaka kasutan aplikatu behar dela

Koalizio subiranistaren arabera, argi geratu da inkomunikazioek «bidezko prozesu baterako eskubidea» urratzen dutela.

Xabier Atristain, Martuteneko espetxetik atera berri, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko otsailaren 18a
11:39
Entzun

EH Bilduk «oso positibotzat» jo du Xabier Atristain behin-behinean aske uztea, eta erabakiak «aplikazio analogikoa» izan beharko lukeela azaldu du. Atristain atzo atera zen Martuteneko espetxetik (Gipuzkoa), Espainiako Auzitegi Nazionalak Giza Eskubideen Europako Auzitegiari men egin ostean.

Askapena ospatu du koalizio subiranistak, baina gogoratu du Auzitegi Nazionalak azken urteetan izandako jarrera dela medio «bidegabeko zigor bat» bete dutela Atristainek eta beste ehunka euskal presok.

«Inkomunikazioak tortura gertatzeko beharrezko ingurunabarrak sortzen ditu», salatu du EH Bilduk komunikatu batean, eta gehitu Estrasburgoko auzitegiaren ebazpenak adierazten duela «bidezko prozesu baterako eskubidea» ere urratzen duela: «Autoinkulpazio horiek eta inkomunikaziopean torturapean erauzitako hirugarren pertsonei egindako inkulpazioak Auzitegi Nazionalaren jardueraren oinarrian egon dira». Hala, koalizioaren ustez, auzitegiaren asmoa «zigor oso gogorrak» ezartzea izan da, eta ez egia argitzea edo justizia egitea.

Izan ere, EH Bilduren esanetan, estatuaren biktimek «babes handiagoa» jaso dute nazioarteko erakundeen partetik, Espainiako justizia sistematik baino, eta Espainiako justiziak ez du beste aukerarik izan Europatik iritsitako erabakietara egokitzea baino.

Nazionalak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpenak beste dozenaka kasutan eragina izan beharko lukeela uste du EH Bilduk, eta «torturen biktimen eskubideak» berrezartzeko bide eman beharko lukeela. Era berean, esan du hausnarketa bat egin beharra dagoela torturak jasan dituzten eta epaiketa justu bat izateko eskubidea urratu zaien presoei justizia trantsizionaleko neurriak ezartzeko.

Behin-behinean

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilaren 18an ebatzi zuen Atristainek ez zuela izan «prozesu justu eta ekitatezkorik». Espainiaren aurka kaleratutako sententzian, Estrasburgok azpimarratu zuen Atristaini ez ziotela utzi konfiantzazko abokaturik aukeratzen inkomunikatuta zegoela, ezta ofiziozko abokatuarekin «modu konfidentzialean» hitz egiten ere.

Sententzia betearazteko, Espainiako Auzitegi Gorenean berraztertze helegitea jarri zuen defentsak. Zigorra bertan behera uzteko eskatu zuen abokatuak, eta Gorenak erabaki beharko du behin betiko hala eginen duen edo ez. Auzitegi Goreneko bigarren salak ebatzi artean Atristain aske uztea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionaleko hirugarren zigor salak. Nolanahi ere, baldintza batzuk jarri dizkio: bizileku jakin bat izan beharko du, edozein aldaketa komunikatu beharko du, pasaportea entregatu beharko du, eta ezingo da baimenik gabe atera Espainiako Estatuko lurraldetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.