Bi aste barru, martxoaren 4an, Euskal Herriko ikastoletan elkarretaratzeak egingo dituzte ikasleek, gurasoek, langileek eta euskaltzaleek, Ipar Euskal Herriko ikasleek baxoa eta brebeta euskaraz egin ahal izatea eskatzeko. Arrazoia hauxe da: «Iparraldeko ikastoletako guraso, langile eta ikasleei Euskal Herriko ikastola guztien elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu, eta erakutsi Frantziako hezkuntza agintariak ez direla ari Seaskaren aurka soilik, ikastola mugimendu guztiaren aurka baizik». Ikastolen Elkarteak jakinarazi duenez, Seaskarekin eta Azterketak Euskaraz taldearekin batera antolatuko dituzte protestak, Euskal Herriko ikastola guztietan. Erakundeei, alderdi politikoei eta gainerako eragileei ere deialdiekin bat egiteko eskatu diete.
Salatu dutenez, Ipar Euskal Herriko ikasleek oraindik ez dakite baxoko berezitasunezko bi probak eta Ahozko Handia zein hizkuntzatan egingo dituzten. Frantziako Hezkuntza Ministerioak Eskualdeko Hizkuntzen eta Kulturen Irakaskuntzari Buruzko Zirkularra argitaratu zuen abenduan, eta, Ikastolen Elkarteak nabarmendu duenez, hark jasotzen du proba batzuk euskaraz egiteko aukera. Horretarako pausurik eman ez izana gaitzetsi dute: «Oraingoz, ezezkoan daude, eta kezkatuta gaude Frantziako hezkuntza instituzioen jarrerarekin. Zirkular hori aurrerapauso bat izan ordez, atzerakada bat izateko arriskuan da. Ezin dugu 30 urte atzera egin». Azaldu dutenez, 2019an Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Frantziako hezkuntza agintariekin hitzarmen bat izenpetu zuten, ikasleek azterketa horiek euskaraz egin ahal izateko, baina hezkuntza agintariei leporatu diete akordio hori «berrinterpretatu» eta azterketak euskaraz egiteko aukera mugatu nahi izatea. Ikastolen Elkarteak joera hori gaitzetsi du: «Hitzarmena bete egin behar da, eta ikasle guztiek Ahozko Handia euskaraz egiteko aukera izan behar dute».
Brebetari dagokionean, antzeko eskaera dute: ikasleek euskaraz pasatu behar dute proba. Hala egin ezean, ikasleen eskubideak urratzen ari direla nabarmendu dute: «Azterketak euskaraz egiteko eskubidea dute gure ikasleek, eta brebetan eta baxoan ez badugu aurrerapausorik... Beren eskubideak errespetatu arte borrokatzeko prest gara». Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzearekin batera, azkenaldian jasotzen ari diren zigorrak ere salatu dituzte. Hain zuzen, joan den ekainean, hainbat irakaslek frantsesez eginiko brebetako zientzietako azterketak zuzentzea ukatu zuten; orain, Bordeleko akademiako errektoreak zigor ekonomikoa ipini die, soldataren atxikipen bat eginez. «Gure elkartasuna adierazi nahi diegu irakasle horiei, eta Bordeleko Errektorearen jarrerarekin dugun kezka sakona partekatu nahi dugu».