Lan gatazkak

Zamaketarien lan gatazka «hilabete batean» konpon daitekeela uste du Barkalak

Negoziazioak izaten ari dira, eta Bilboko portuko agintaritzako presidenteak azaldu du behin-behineko langileen egoera hobetuko litzatekeela. Athleticeko presidente izateko hautagaitza baten buru izatea eskaini diotela onartu du, baina ez berari bakarrik. 

Rikardo Barkala Bilboko portuko agintaritzako presidentea, agerraldi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko otsailaren 17a
12:59
Entzun

Baliteke Bilboko portuko zamaketarien lan gatazka konpontzear egotea. Rikardo Barkala portuko presidenteak «hilabete bateko» kontua izan daitekeela azaldu du azpiegituraren azken urteko balantzea azaltzeko eginiko agerraldian. Haren ustez, bi aldeak, zamaketarien ordezkariak eta Bilboko portuko zamaketa enpresak, akordiotik «oso gertu» daude. BERRIAk jakin ahal izan duenez, zamaketa enpresek sei urteko lan hitzarmena eskaini die zamaketariei, eta lehen hiruretan Bilbo Estibak pilaturik duen sei milioi euroko zorrari aurre egin beharko litzaioke. Halaber, zamaketariek lan baldintzak okertzea onartu beharko lukete.

«Epe ertain edo luzeko hitzarmen bat sinatu behar da, bai edo bai». Barkala oso irmo mintzatu da zamaketarien akordioaren garrantziaren inguruan. «Alde guztiek dakite 2020ko udazkeneko grebak kalte handia egin zuela». Presidenteak nabarmendu du pertsonalki murgilduko dela negoziazioetan, eta oso kontuan izango duela behin-behinekoen egoera: «Ez dut portuko presidente bezala esaten. Gizaki bezala ere diot langile horien baldintzak duindu egin behar direla». BERRIAk erreportaje batean azaldu zuen haien egoera.

Barkala bera ere albiste izaten ari da; zurrumurruen arabera, Athleticeko presidente izateko hauteskundeetara aurkezteko asmotan dabil. Berak onartu du jende talde batek eskaini diola hautagaitza baten buru izatea, baina ez berari bakarrik. Halere, esan duenez, oraingoz ez du portuko agintaritza uzteko asmorik, eta ez du baztertu bi karguak uztartzea: «Oraingoz ez dago hauteskunde deialdi ofizialik. Baina demagun, hipotesi gisa bakarrik, hauteskundeak daudela Athleticen, eta ekainaren 1ean Athleticeko presidente naizela. Bada, orduan ez nioke utziko portuko agintaritzako buru izateari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.