HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

Euskarazko arreta telematikoari bai, hori bermatzeko neurriei ez

Tramiteak euskaraz egin ahal izateko mozioa aurkeztu dute EH Bilduk eta Geroa Baik: lehen bi puntuak onartu dituzte; hirugarrena, lanpostuei zegokiena, atzera bota dute Navarra Sumak eta PSNk

Nafarroako Parlamentua gaur. IñIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko otsailaren 17a
12:09
Entzun

Euskarazko zerbitzua bermatu, zerbitzua euskaldundu gabe. Hori onartu du gaur Nafarroako Parlamentuak, osoko bilkuran. Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoan tramite guztiak euskaraz egin daitezkeela bermatzeko hiru puntuko mozioa aurkeztu dute EH Bildu eta Geroa Bai taldeek: lehen biak aurrera atera dira; hirugarrena, berriz, ez.

Lehen puntuan, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio «berma dezala arreta telematikoarekin zerikusia duten eduki, tramite eta bestelako ekinbide guztiak euskaraz eskuragai daudela». Bigarrenean, gobernuko departamentu bakoitzeko hizkuntza planean zehatz dadila zeintzuk diren «beharrak», arreta hori euskaraz eskaini ahal izateko. Hirugarren puntuan, azkenik, gobernuari galdegiten zaio departamentu bakoitzean ezar ditzala «lanpostu elebidunen kopuru nahikoa eta zirkuitu elebidunak, bermatzeko euskarazko arreta, bai telefonikoa bai aurrez aurrekoa, berdintasunez». Navarra Sumak eta PSNk ez dute onartu azken puntu hori.

Saioaren hasieran, PSNk zuzenketa bat aurkeztu du, mozioaren lehen bi puntuak moldatzeko. Itxura batean, ez zegoen alde handirik jatorrizko testuaren eta PSNk aurkeztutakoaren artean, baina suma zitekeen helburuak apaltzeko asmo bat. Hala, jatorrizkoan «gobernuak bermatuko du» edo «beharrezko lanpostu kopurua ezarriko du» azaltzen zen tokian, aditz lauso eta zehaztugabeagoak paratu dituzte, eta lanpostuei eginiko aipamen guztiak kendu.

Navarra Sumako Marta Alvarez Alonso legebiltzarkidea izan da PSNren jokabidea txarretsi duena: «Lehen puntuaren alde bozkatuko dugu, eta besteen kontra, baina, egia esanda, egokiago iruditzen zaigu mozioaren erredakzioa EH Bilduk eta Geroa Baik aurkeztua zuten bezala. Argiagoa da. PSNk jendea nahasi nahi du, hitz hutsalen bidez, aldi berean alde eta kontra baleude bezala. Bai baina ez, ez baina bai...». Hortaz, lehen puntu hori aho batez onartu dute legebiltzarkideek, talde abertzaleek aurkeztutako eran.

Bigarren puntuan, PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk adostutako zuzenketa onartu da, Navarra Sumaren babesik gabe. Horren arabera, Nafarroako Gobernuak «ebaluazio bat» eginen du departamentu bakoitzeko plan linguistikoetan, euskarazko arreta bermatzeko beharrak ezagutzeko. Lanpostuei buruzko puntuan, baina, mozioak ez du babes nahikorik jaso: alde bozkatu dute EH Bilduk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak (19 boto), eta kontra, berriz, PSNk eta Navarra Sumak (31 boto). Kontrako botoa justifikatzeko, gobernuari eusten dioten taldeen artean «desadostasun nabarmenak» daudela esan du Inma Juriok (PSN). Navarra Sumak, berriz, esan du administrazioa euskaldundu nahi izatea «errealitate soziolinguistikoa eta administratiboa desitxuratzea» dela: «Administrazioan euskarazko arreta jasotzeko eskubidea ez da absolutua; hala balitz, ia postu guztietan exijitu beharko genuke euskara». Halako planteamendu bat funtzionario elebakarren kontrako «inposizioa» izanen litzatekeela argudiatuta, alternatiba bakarra proposatu du parlamentari erregionalistak: «Itzulpen zerbitzua indartzea».

Behatokia eta Uema: «Sentsazio gazi-gozoa da»

Eztabaida parlamentarioak «sentsazio gazi-gozoa» utzi diela nabarmendu du Aitor Elexpuruk, Berako alkate eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideak: «Mozioaren lehen puntuak onartu dituzte. Garrantzitsua da hori, baina baliabideak jarri behar dira euskarazko arretarako zerbitzu guztiak bermatzeko». Urtarrilean, agerraldia egin zuten Uemak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak parlamentuan, euskarazko arreta berma dadila eskatzeko. Orduan nabarmendu zuten herritarrek euskaraz egin ditzaketen tramite telematikoak ez direla %25 ere, eta udalei dagokienez egoera are makurragoa dela: «Ia urtero etortzen gara parlamentura hau aldarrikatzera, eta, oraingoz, egoera ez da aldatu: udalek tramite elektronikoen %2,3 soilik egin ditzakegu euskaraz. Hori hutsaren hurrengoa da», esan du Elexpuruk.

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak ere «baliabideak eta neurri zehatzak» eskatu ditu, egoera onbideratzeko: «Parlamentuko taldeek onartu dute Nafarroako Gobernuak euskarazko tramite elektronikoak bermatu behar dituela, baina argi dago bestelako neurriak behar direla: lanpostu elebidunak ezarri behar dira departamentuz departamentu, herritarrei arreta euskaraz eman ahal izateko. Izan ere, administrazioan euskarazko zirkuituak onartzen badira, herritarrak euskaraz artatzeko gai izango diren langileak beharko ditugu».

Hori dela eta, galdera bat planteatu du Behatokiko buruak: «Nola bermatu nahi dute zerbitzu elebiduna, ez bada lanpostu elebidunik ezartzen eta euskara ez bada aintzat hartzen departamentuetako lan deialdietako merezimenduetan?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.