Egoitz Urrutikoetxea epaituko dute gaur, Parisen

2005ean ETAko kide gisa gaizkile elkarte batean parte hartu izana leporatzen diote. Azaroan jadanik epaitu zuten akusazio berarekin.

Egoitz Urrutikoetxea, Parisen, 2020ko uztailean. FERNANDO PéREZ / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko otsailaren 17a
11:04
Entzun

Parisko Dei Auzitegian hitzordua du Egoitz Urrutikoetxeak gaur arratsaldean. 2005ean ETAko kide gisa helburu terroristak zituen gaizkile elkarte batean parte hartzea leporatzen diote. 2010ean epaitu zuten, eta sei urteko zigorra eman zioten. Baina, orduan epaiketara agertu ez zenez, atxilotua izan ondotik epaiketa berriz egiteko eskatu zuen. BERRIAk jakin duenez, defentsako abokatuek Egoitz Urrutikoetxea errugabetzat jotzeko eskatuko dute; fiskaltzak, berriz, afera berriz instrukziora bidaltzea. Epaileak izanen du azken hitza. 13:30ean hasiko da auzi saioa.

Ibilbide gorabeheratsua izaten ari dira Egoitz eta Josu Urrutikoetxea aita-semeak Parisko auzitegietan. Prozedura akatsak direla medio, instrukziora itzuli dituzte behin baino gehiagotan aferak, eta auzitegietara joan-etorrika aritu dira azken urteetan. Garaiak ere badu garrantzia: leporatzen dizkieten ekinbideak Genevako eta Osloko elkarrizketa saiakerekin lotuak baitira.

Ikusi gehiago:2.354 urteko kartzela zigorra eskatu dute Josu Urrutikoetxearentzat, Zaragozako atentatuagatik

Egoitz Urrutikoetxearen kasuan, hiru auzibide irekiak zituzten haren kontra, 2003 eta 2005 artean ETAko kidea izatea leporatuta. Prozedura akatsengatik, hirurak instrukzio fasera itzultzea lortu zuten defentsako abokatuek, eta, garai eta akusazio berberak izanki, hiru auzibideak batzeko eskatu zuten. Bi batu zituzten, eta udazkenean egin zuten epaiketa Parisko Zigor Auzitegian.

Hirugarrena Parisko Dei Auzitegiaren esku gelditu zen, eta gaur epaitu beharko lukete. Eta hor dago koska: prozedurak batu eta instrukziora bidaltzeko momentu horretan beste prozedura akats bat izan zela uste du terrorismoaren aurkako Frantziako Fiskaltzak, eta, beraz, kasua berriz instrukziora bidaltzeko eskatuko du gaur. Gisa horretara prozedura «blindatu» nahi dutela uste du Urrutikoetxearen defentsak, zigorrik baldin bada helegiterako aukerak kentzeko.

Kartzela zigorrik ez

Parisko Zigor Auzitegiak azaroan ebatzi zuen Egoitz Urrutikoetxea garai hartan ez zela ETAko kide izan, baina gaizkile elkarteko kide izateagatik erruduntzat jo zuen hala ere. Epailearen iritziz, frogatua gelditu zen Urrutikoetxeak ETArekiko sinpatia zuela, eta garai hartan etakideekin harremanean izan zela. Bi urteko presondegi zigorra eman zion; hala ere, betetzeko beharrik gabe. Helegiterik ez ezartzea erabaki zuen defentsak.

Garai eta akusazio berak izanki, gehienez ere zigor bera emanen diotela espero du defentsak, eta hala argudiatuko dute gaur epaitegiaren aitzinean. Epaiketa eginen balitz, Egoitz Urrutikoetxea errugabetzat jotzeko eskatuko lukete, baina, azarokoaren pareko zigor bat jasota ere ez lukete helegiterik emanen. Orrialdea itzultzeko parada izan liteke bi aldeentzat. Ikusteko dago bi aldeek borondate hori ote duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.