Alderdiak

Eba Blanco Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi izateko aurkeztuko da

Asteburuan egingo du kongresua alderdiak, barne gatazkaren erdian. Hautagaiak adierazi du «dena prest» dagoela kongresurako, eta «berme guztiekin» .

Eba Blanco, EAren zuzendaritzaren agerraldi batean. BERRIA
2022ko otsailaren 17a
09:33
Entzun

Eba Blanco hautagai izango da asteburuan egingo den kongresuan Eusko Alkartasuna alderdiaren idazkari nagusiaren kargurako. Blancok berak baieztatu du aurkeztuko dela, gaur Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean.

Zuzendaritzaren eta kritikoen arteko barne gatazka bete-betean dago alderdia. XIII. Biltzar Nagusia egingo du datorren asteburuan Gasteizko Europa jauregian, telematikoki, eta kritikoek kongresuaren antolakuntzaren inguruko hainbat salaketa egin dituzte. Blancok adierazi du kongresurako «dena prest eta berme guztiekin» dagoela.

Joan zen asteko asteazkenean jakinarazi zutenez, alderdiko Nazio Batzorde Eragileak aho batez onartu zuen talde kritikoko Maiorga Ramirez, Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korresi lau urtez EAko kidegoa etetea. EAk esan zuenez, «frogatuta geratu da Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste larri eta oso larriak egin dituztela».

Alderdiak frogatutzat jo zuen araudiko zenbait artikulu urratu zituztela: kargu publikoaren lanetan alderdiaren edo alderdiak egin ditzakeen koalizioen estrategiaren aurka egitea, alderdiaren baimena izan gabe adierazpen publikoak egitea eta EAko afiliatu, jarraitzaile, langile edo kargudun publikoei hitzez edo egitez tratu txarrak eman edo haiekin errespetu eta begirune falta larria izatea, besteak beste.

EAko militantzia eten izana «bidegabekeriatzat» jo zuen orduan Ramirezek.

Zigorturikoek, halere, bozkatzeko aukera edukiko dute kongresuan, eta baliteke nagusitzea. Kongresua antolatzeko «prozesua oso gardena izan da, gure arau ororen arabera», Blancok esan duenez. Biltzarkide guztiek «parte hartzeko tresna guztiak» dituztela gaineratu du. «Ez dakit nortzuek irabaziko duten, baina nik onartu egingo dut hortik ateratzen den guztia. Ez dakit besteek ere onartuko duten», adierazi du, sektore kritikoari erreferentzia eginik.

Hautagaitza aurkeztuko duen galdetu diotenean, honela esan du: «Ez didate ilusioa kendu, eta bai, aurkeztuko naiz. Ilusioa piztu behar da. Ea lortzen dugun alderdiaren izena ere berreskuratzea». Elkar ulertzeko «saiakera asko» egin dituztela adierazi du, baina giroa asko okertu dela, batez ere azken astean.

Eusko Alkatasunaren aztarna EH Bilduren barruan egunero ikusten dela adierazi du, eta koalizioarekin erabat identifikatzen direla. «EH Bildu indartsu bat nahi dugu», esan du, eta ohartarazi du kongresuan jokoan dagoela EH Bilduren barruan jarraitzea edo ateratzea.

Asteburuan, Leire Pinedo Biltzar Nagusiko Prestaketa Batzordearen buruak eta Iker Ruiz de Egino EAko bozeramaileak azaldu zuten afiliazioak «demokratikoki» hautatzeko eta eztabaidatzeko aukera izango duela mahai gainean dauden bi txostenen inguruan: politikoa eta estatutuena. Kongresuak zehaztuko du EAren ildoa. «Bada, horretarako dira kongresuak, adosteko, eta adostasunik aurkitzen ez bada, bozkatzeko eta gehiengoaren erabakia errespetatzeko», azaldu zuen Ruiz de Eginok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.