Beste behin, agerian gelditu dira COVID-19aren kontrako txertoen banaketa desorekatuak eragindako arrakala sakonak. Ehundik gora elkartek osatzen duten Alianza People's Vaccine koalizioak azterlan bat argitaratu du berriki, eta datu kezkagarriak azaleratu dira hala: ikerketaren arabera, EB Europako Batasunak 55 milioi txerto dosi baino gehiago botako ditu zakarretara hilaren bukaeran, iraungitze data gaindituko dutelako. Hain zuzen, koalizioak salatu du, gainera, 2022a hasi zenetik Afrikak jasotako dosiak orain EBk botako dituenak baino are gutxiago direla. Izan ere, urtarrilaren lehenetik aitzina 30 milioi dosi baizik ez da ailegatu Afrikara.
Hain justu, Afrikako Batasunaren eta Europako Batasunaren arteko batzarraren bezperan argitaratu ditu Alianza People's Vaccinek datuok. Bi batasunak bihar dira elkartzekoak, eta koalizioa haiekin bilduko da, besteak beste Europak Afrikari eginiko blokeoari buruz eztabaidatzeko. Koalizioak gaitzetsi duenez, Europako Batasunak hainbatetan eragotzi dio Afrikari bere txertoak ekoiztea.
«Europak utzi egin behar dio Afrikako ekoizleei lana oztopatzeari. Egiazki bi batasunen arteko agenda komunik balego, EBk ez lituzke, orain egin bezala, farmazia enpresen interesak lehenetsiko gainerako guztiaren gainetik», salatu du Oxfam Intermoneko ikerlari Ignacio Martinezek.
Hala, koalizioaren parte diren elkarteek iradoki dute EBk Afrikarekin duen harremana ez dela Europak «saltzen» duen bezain ona. Azaldu dutenez, EBk txertoak batasuneko kide diren herrialdeetan saltzeari ematen baitie lehentasuna, eta esportazioen soilik %8k izan dute Afrika helmugatzat. Batik bat Alemania aipatu dute Europaren jokabidearen erantzule nagusi gisa.