Gazteen erdiak baino gehiago ez dira inoiz apustuetan edo bestelako jokoren batean aritu, baina, aldiz, %24,9k jokatu dute azken urtean, uneren batean gutxienez. Handiagoa da bizitzan inoiz jokoan aritu direnen proportzioa: %47,5. EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Sailak eman ditu datuok, Gaztea eta Jokoa Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketaren emaitzak plazaratuta. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 18 eta 30 urte bitarteko 750 pertsona galdekatuta osatu dute. Maiz jokatzen dutenen profilak eta ohiturak ere aztertu dituzte.
Aztertutako laginaren gainean lortutako emaitzek erakusten dute Internet bidezko jokoa areagotzen ari dela, baina oraindik ere gehienek nahiago dutela presentzialki jokatu, alde handiz. Hala egiten dute %69k, eta online %10ek. Bi moduak tartekatzen dituzte erabiltzaileen ia %21ek. Jokoa sozializatzeko erabiltzen dute askok, aitortu dutenez, eta baliteke hori izatea emaitza horien arrrazoia. Ia %60k aitortu dute taldean edo beste norbaitekin batera jokatzen dutela. Hala ere, Internet bidez jokatzen dutenek sarriago jokatzen dute besteek baino. Bakartuago ere aritzen dira: hala egiten duten erdiek aitortu dute bakarrik jokatzen dutela.
Erabilitako diruari dagokionez, ikerketak ondorioztatu du kantitate handiagoak jokatzen dituztela online aritzen direnek. Batezbestekoa hilean 64,6 euro da horien kasuan, eta presentzialki aritzen direnenean, berriz, hilean 45,6 euro. Internet bidez, gehienbat, kirol apustuetan aritzen dira gazteak: %58. Presentzialki jokatzeko ohitura duten gehienek (%27,1ek), berriz, loteria nazionalean jokatzen dute.
Maskulinizatutako ohitura
Generoaren araberako banaketa argia da jokalarien profilean. Bizitzan inoiz jokoan aritutako gizonezkoak %60,3 dira; emakumezkoak, berriz, %15,2. Azken urtean, gizonezkoen %34,4k jokatu dute, eta emakumezkoen %15,2k.
Ikerketak, bestalde, jokatzeko ohituraren eta «patologiaren» bat izatearen arteko alderaketa egin du, eta ondorioztatu azken urtean jokatu duten gazteen %3,2k patologiaren bat zutela.