Pantailak Euskaraz egitasmoko ordezkariak streaming plataformen katalogoak aztertzen aritu dira, lehendik euskaratutako edukien bila, eta dozenaka aurkitu dituzte. Eduki horiek Zineuskadik eta EITBk diru publikoz euskarara bikoiztu eta azpidatzitakoak dira. Hori ikusita, Pantailak Euskaraz-ek lehentasunezkotzat jo du eduki horien euskarazko bertsioak eta azpidatziak plataformetara iristea. «Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari arduraz jokatzeko eta lidergoa hartzeko eskatu nahi diogu. Plataforma horietako arduradunekin harremanetan jartzeko eta azpimarratzeko euskarazko bertsioak ere exijitu behar dizkietela banatzaileei».
Iazko udaberrian, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko sailburuordetzak eta Netflix plataformak aurrez aurreko bilera bat izan zuten, baina ez da jakinarazi harreman horrek jarraipenik izan ote duen ala ez.
Pantailak Euskaraz-i iruditzen zaio Zineuskadin bikoiztutako euskarazko bertsio batzuk plataformetara iristeak «epe laburrean egingarria» izan beharko lukeela, «audioak banatzaileen eskuetan daudelako eta hainbat plataforma ari direlako aldiro-aldiro beste hizkuntza gutxituetako bertsioak euren eskaintzan sartzen».
EITBk diru publikoz bikoiztutako filmei eta telesailei dagokienez, Pantailak Euskaraz-ek eskaera hau egin die Jaurlaritzari eta ETBri: «Euskarazko bertsioak banatzaileei komertzializaziorako doan emateko eta lagatzeko». Horren inguruan mintzatu zen Unai Iparragirre ETBko zuzendaria otsailaren 3an, Donostiako 2deo laborategiak antolatutako mahai inguruan. Iparragirrek ukatu egin zuen ETBk eragozpenak jartzen dituela bere bikoizketak eta azpitituluak beste batzuei emateko: «Guztiak emateko prest gaude, uste baitugu euskarari laguntzeko modu bat dela».
Pantailak Euskaraz-ek uste du euskarazko bertsioak banatzaileek izan behar dituztela, «ahalik eta zabalkunderik handiena izan dezaten eta ibilbide komertzial askea eta osoa egin dezaten». Era berean, EITBren bikoizketa eta azpidatzi batzuk egungo estandarretara egokitu beharko balira lan horri ekiteko eskatu diote Jaurlaritzako Kultura sailburuari eta ETBri. «Pantailak Euskaraz-ek adierazi nahi du Kataluniako Generalitateko Kultura Saila eta TV3 ari direla horretan, elkarlanean, plataformetan dauden edukien bertsio katalanak banatzaileei doan ematen, eta egokitzapena behar duten TV3eko audioak egokitzen».
Bestalde, euskarazko bertsioak Frantzian eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan martxan diren plataformetara iristeko eta Iparraldeko euskaldunek edukiak euskaraz ikusi ahal izateko, Pantailak Euskaraz-ek eskaera hau egin du: «Zineuskadik eta Jaurlaritzako Kultura Sailak audioak eta azpidatziak estatu frantsesean banatzeko baimena duten enpresei ere emateko edo uzteko, merkaturatu ditzaten».
Plataforma handiei gutunak bidaltzen aritu dira Pantailak Euskaraz-eko kideak —zenbait kasutan Netflix Euskaraz eta Disney Plus Euskaraz herri ekinaldikoak aritu dira horretan—. «Errealitate linguistikoa errespetatzeko» eskatu diete. Katalogoan jada euskaratutako edukien bertsioak txertatzeaz gain, aurrerantzean ekoizpen berriak ere euskarara bikoizteko eta azpidazteko eskatu diete.
Banatzaile batzuekin ere harremanetan jarri da Pantailak Euskaraz. «Horietako batzuek gaia konponbidean jartzeko prestasuna erakutsi dute, eta adierazi dute aurrerantzean DVD/Blu-ray formatuetan egiten dituzten argitalpenetan txertatuko dituztela euskarazko bertsio eta azpidatziak. Eta saiatuko direla euskarazko audioak eta azpidatziak plataformetara helarazten».
Pantailak Euskaraz-ek, era berean, Hego Euskal Herriko erakunde eta alderdi politikoei eskatu die bere egin dezatela abenduaren 4an Durangon (Bizkaia) aurkeztutako Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestua. 36 eragilek eman zioten babesa manifestuari, eta beste batzuk batu dira gero. Laguntzaile sarean parte hartzen ari diren 500 herritarrei eskerrak eman dizkie Pantailak Euskaraz-ek.