«Beste gai batzuei garrantzi handiagoa eman ahal izango diegu orain, baina ahaztu gabe pandemian jarraitzen dugula». Mezu hori azpimarratu du gaur Iñigo Urkullu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakariak Euskadi Irratiako Faktoria saioan. Iñaki Guridik egin dion elkarrizketa da osasun larrialdia bertan behera geratu denetik egin duen lehenengoa. Europako funtsei buruz hitz egin du, lan erreformaz, Eusko Legebiltzarreko giroaz, hezkuntza lege berriaz, elkarbizitzaz...
Baina gai nagusia, eta lehenengo aipatu dutena, pandemiaren kudeaketa izan da. Urkulluk ez du ukatu zazpigarren olatu bat etor daitekeenik, baina bai esan du datozen asteetan aldatu egingo direla bere agendako lehentasunak: pisua galduko du pandemiaren kudeaketak, eta gainontzeko gaiei garrantzi handiagoa eman ahalko die. Dena den, behin eta berriz errepikatu du pandemiak hor jarraitzen duela: «Pandemiak hildakoak eta gaixoak eragiten ditu, eta munduan, hainbat herrialdetan, txertaketa oso baxua da. Tentuz begiratu behar diogu horri».
Jaurlaritzak egindako lanari buruz galdetuta, aitortu du gai hori «ezjakintasunean» kudeatu behar izan dutela. Esan du euren helburu nagusia izan dela «ahalik eta hildako gutxien izatea»: «Euskadik portzentaje onak izan ditu beste erkidego batzuekin alderatuta», gehitu du. Oreka bilatzen saiatu direla ere adierazi du, gizartearen nekearen jakitun: «Egoerak eskatzen zituen neurriak hartu ditugu, baina nabarmenduko nuke eguneroko normaltasuna ia erabat bermatu dugula, adibidez, aurrez aurreko hezkuntza bermatuz».
Autokritika egiteko eskatuta, gauza gutxi aipatu du Urkulluk. Europako Batasunaren irizpide jakin batzuk izatea eskertuko zutela aitortu du, besteak beste, txertoei, COVID ziurtagiriari, konfinamenduei eta itxialdiei zegozkienak. Azken bi urteetako komunikazioa ere izan du ahotan lehendakariak: «Informazio asko eman da bi urte hauetan, askotan kontrajarria. Pedagogia gehiago egin beharko genuke: pandemian jarraitzen dugu. Gizartean badago hau amaitu den ustea, eta hori ez da horrela», esan du.
Azkenik, pandemiaren kudeaketaren gaiarekin amaitzeko, iragarri du aztertzen ari direla eskoletan maskarak kentzearena. Espainiako Pediatria Elkarteak ikasgeletan maskara pixkanaka kenduz joateko egutegi bat aurkeztu zuen atzo, eta horrek agendan kokatu du gaia. Urkulluk, ordea, erabakia «bateratua izatea» nahiko lukeela adierazi du.
Panorama politikoa
Europako funtsei buruz, Urkulluk Espainiako Gobernuari eskatu dio «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko. Izan ere, «Euskadiko industria laguntzak jasotzeko oso ondo kokatuta dagoela diote, baina oraindik ez dago erabakirik». Lan erreforma, berriz, «norabide onean egindako erreforma bat» dela iritzi dio. Etorkizunean «lan esparru propio bat eratzeko aukerari», ordea, ez dio muzin egin lehendakariak.
Hezkuntza lege berriari dagokionez, «herri erronka bat» dela esan du: «Herritarrei azaldu nahi diet ezohikoa den prozedura bati jarraitzen ari garela: ehun eragile baino gehiagoren ekarpenak jaso ditugu. Oinarriak ondo finkatu behar ditugu, eta badago adostasun bat haien inguruan». Hezkuntzaren bidez herritar guztiek euskara «dominatu» beharko luketeela ere gehitu du.
Gainontzean, oso kritiko agertu da azken asteetan argitaratu diren euskararen kontrako epaiekin: «Kezkatu egiten naute. Euskara da euskaldunon hizkuntza, eta epaileek ere jakin beharko lukete ez dela ofizialtasunagatik bakarrik. Herri baten nortasunaren oinarria da. Txarrena da zein argudio erabili dituzten: euskara zaila dela, adibidez».
Azkenik, Segurtasun Sailaren ikerketari buruz galdetu diote. Zortzi ertzain ikertzen ari dira iazko ekainean Bilbon atxilotutako bi gazte jipoitzeagatik. Azaldu du duela bi aste izan zutela gertatutakoaren berri, eta gaur egingo dutela gaiari buruzko agerraldi bat. Haserre agertu da hedabide batek eurek ez zuten bideo bat zuelako, nolabait filtratuta.