Espainiako Pediatria Elkarteak eskatu du ikasgeletan maskarak kentzeko

Prozesua pixkanaka eta taldeka egitea proposatu dute, Lehen Hezkuntzatik hasita. Horretarako, egutegi bat proposatu dute.

Ikasle-irakasleak maskara jarrita, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Oihane Puertas ONA
2022ko otsailaren 15a
12:49
Entzun

Espainiako Pediatria Elkarteak ikasgeletan maskara pixkanaka kenduz joateko egutegi bat aurkeztu du gaur, komunikatu bidez. Dokumentuan, besteak beste, proposatu du ikasleek maskara kanpoaldean erabiltzeko derrigortasuna «berehala» kentzea, eta barrualdean pixkanaka kenduz joatea. Izan ere, Quique Bassat lantaldeko koordinatzailearen arabera, «inkoherentea» da haurrek patioan maskara erabili behar izatea kalean derrigorrezkoa ez izanda.

Bassaten arabera, aurrez aurreko eskolatzea «oso garrantzitsua» da ikaskuntzarako, eta, normalizazio bat lortzeko, «eskola eremuko prebentzio neurriak pixkanaka kenduz joan behar da, komunitate bakoitzaren egoera epidemiologikora egokituz». Horrela, prozesua taldeka egitea proposatu dute pediatrek, Lehen Hezkuntzatik hasita, betiere aireztapen protokoloak «indartuz». Horrekin batera, txertaketa sustatzearen alde agertu dira, «batez ere» 12 urtetik beherakoetan.

Dokumentua osasun eta hezkuntza erakundeei bidali diete, eta, egutegiaren arabera, Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetako ikasleak otsailaren 28an hasiko lirateke barrualdean maskara ez erabiltzen. Martxoaren 14tik aurrera izango litzateke hirugarren eta laugarren mailetakoen txanda, eta martxoaren 28an bosgarren eta seigarren mailetakoena.

Bigarren Hezkuntzako ikasleei dagokienez, berriz, apirilaren 25etik aurrera hasiko lirateke maskararik ez erabiltzen, eta batxilergoko ikasleak, maiatzaren 9an.

Espainiako Pediatria Elkartearen arabera, eskoletan maskara pixkanaka kentzeko eredu hori «monitorizazio eredu gisa» erabil daiteke, barnealdeko beste eremu batzuetan ere neurriak pixkanaka arinduz joateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.