Ukraina

Errusiako diputatuek Putini eskatu diote Donbassko herri errepubliken independentzia aitortzeko

Behe ganberako ordezkarien gehiengoak baiezkoa eman dio Donetski eta Luhanski buruz aurkezturiko proposamenari. Estatuburuak ebazpena sinatuz gero, Minskeko Akordioen amaiera eragingo luke, Kieven arabera.

Donetskeko Herri Errepublikaren aldeko martxa bat, iragan urtean, Donetsk hirian. Errepublikako eta Errusiako banderak dituzte. ALEKSANDER USENKO / EFE
ander perez zala
2022ko otsailaren 15a
12:06
Entzun

Vladimir Putin Errusiako presidenteak erabaki garrantzitsu bat hartu beharko du datozen asteetan. Behe ganberako diputatuek Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia aitortzeaz bozkatu dute, eta, baiezkoa gailendu denez, onarpen hori egiteko ebazpen bat bidaliko diote laster Putini. Estatuburuak dokumentu hori sinatuko balu, ondorio politiko, juridiko eta militar handiak eragingo lituzke nazioartean. Baina, oraingoz, edozer erabakiren gainetik, Mendebaldeari presio egiteko beste tresna bat jarri diote Putini mahai gainean.

Viatxeslav Volodin behe ganberako bozeramaileak eman du bozketaren berri. 368 ordezkarik hartu dute parte, eta 351k egin dute horren alde. Zehazki, diputatuek adierazi dute Donbassko errusiarrek «laguntza behar» dutela, eta «helburu humanitarioak» dituzten «neurri egokiak babesten» dituztela.

Izan ere, ordezkariek uste dute bi herri errepubliken aitorpenak «oinarriak» sortuko dituela «segurtasun bermeak ziurtatzeko» eta «errepubliketako biztanleria atzerriko mehatxuetatik babesteko». Diputatuek urteotako egoerari egin diote erreferentzia esaldi horiekin.

Ikusi gehiago: Errusiak jakinarazi du Ukrainako mugan dituen tropa batzuk erretiratzen hasi dela

Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikak Donbass eskualdean daude, eta eremu horretako indarrak gerran daude Ukrainako armadarekin 2014az geroztik. Urte hartan eta 2015ean, Minskeko Akordioak adostu zituzten su-eten bat finkatzeko, baina bi aldeetako inork ez ditu errespetatu —batez ere Kievek—; denera, 31.000 bat lagun hil dituzte gatazka horretan, baita 2,5 milioi desplazatu eragin ere.

Horietako askok Errusiara egin dute ihes, eta Moskuk laguntza militarra eta ekonomikoa helarazi die milizia errusiazaleei. Horrekin batera, herri errepubliketan milioi erdi pasaporte banatu dituzte.

Putinek onarpena sinatuz gero, hainbat aukera izango lituzke mahai gainean: besteak beste, bi herri errepublikak anexionatzea, Krimearekin 2014an egin zuten modura; baita eremu horiek babes herri gisa aitortzea ere. Horrek, ziurrenik, Minskeko Akordioak amaitzea eragingo luke, Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroak gaur ohartarazi duen modura: «Errusia de facto [egitez] eta de iure [zuzenbidez] aterako da [adostasunetatik]».

Itun horien arabera, Donbassen hauteskundeak antolatu behar dituzte, eta eskualdeak estatus berezi bat jaso behar du, baina Ukrainako Gobernuak orain arte ez ditu bi puntu horiek bete. Kremlin horiek betearazteko presioa egiten aritu da urteotan, baina ez du ezer lortu Kieven partetik, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak baldintzatzat jarri baitu Moskuk Donbassko «mugen kontrola itzultzea».

«Errusiarren nahiaren isla»

Herri errepubliken independentzia aitortzeaz, Dmitri Peskov Errusiako Gobernuaren bozeramaileak esan du Minskeko Akordioekin «konprometituta» jarraitzen duela, eta oraindik ez duela horren inguruko erabakirik hartu. Hori bai, zehaztu du behe ganberaren eskariak «errusiarren nahia islatzen» dutela.

Errusiako Federazioko Alderdi Komunistak aurkeztu zuen gaur behe ganberan onarturiko testua. Gerora, iragan astean, Putinen alderdi Errusia Batuak —gehiengo osoa du behe ganberan— beste proposamen bat egin zuen: estatuburuari eskaria egin aurretik, herri errepubliken independentzia aitortzeaz kontsulta egitea Sergei Lavrov Atzerri ministroari. Ordezkariek, baina, nahiago izan dute komunistek sustaturiko neurria onartu.

Egun berean, Ukrainako Parlamentuak auzi horri buruzko ebazpen bat bozkatu du, eta, horren bidez, nazioarteari eskatu dio ez aitortzeko Donbassko herri errepubliken independentzia. Eskaria Nazio Batuen Erakundeari, Europako Batzordeari, Europako Kontseiluari eta beste hainbat erakunderi helarazi die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.