Ukraina

Errusiak jakinarazi du Ukrainako mugan dituen tropa batzuk erretiratzen hasi dela

Defentsa Ministerioak iragarri du herrialdearen hegoaldean eta mendebaldean dauden zenbait soldadu beren baseetara itzuliko direla. Bezperan, Lavrovek esan du elkarrizketaren bidea ez dela amaitu.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa eta Vladimir Putin presidentea, atzo izan zuten bilkuran. ALEKSEI NIKOLSKI / EFE
ander perez zala
2022ko otsailaren 15a
11:16
Entzun

Baliteke Mendebaldearekin egiten ari den negoziazioei begirako lehen keinua izatea. Errusiak jakinarazi du Ukrainako mugatik gertu dituen tropa batzuk erretiratzen hasi dela, han zituzten «zereginak egin» baitituzte. Soldadu horiek herrialdearen hegoaldeko eta mendebaldeko barruti militarretan egon dira hilabeteotan, eta orain beren baseetara itzuliko dira.

«[Soldaduak] Errepide eta trenbide bidezko garraioetara igotzen hasi dira, eta beren kuarteletara bidaiatuko dute. Borroka entrenamendu aktibitateak amaitu ahala, beti bezala, tropak itzuli egingo dira», adierazi du gaur goizean Igor Konaxenkov Defentsa Ministerioko bozeramaile eta jeneralak.

Joe Biden AEBetako presidenteak agerraldi bat egin du Etxe Zurian, Errusiaren jakinarazpenari erantzuteko. Bidenen esanetan, AEBak lanean ari dira Moskuk iragarri dituen mugimenduak baieztatu ahal izateko. Dena den, Bidenek aurreratu du eskura duen informazioaren arabera Errusiako indarrek jarrera «mehatxatzailea» dutela oraindik Ukrainarekiko. AEBetako gobernuburuak Vladimir Putin Errusiako presidenteari adierazi dio prest dagoela «goi mailako diplomazian» sakontzeko, baina Moskuk Ukrainari eraso eginez gero, AEBek eta haren aliatuek irmo erantzungo dutela.

Iragan abenduaz geroztik, Errusiak 140.000 soldadu inguru bildu ditu Ukrainako mugatik gertu, eta egunotan maniobra militar bateratuak egiten ari da Bielorrusiarekin —larunbatean amaituko dituzte—. Mendebaldeari bere jarreraren —eta kezken— berri emateko modu bat izan da, Moskuk argudiatzen baitu NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea etxeko atarian duela, eta bere segurtasuna «mehatxatzen» duela. Litekeena da, hortaz, gaurko jakinarazpen militarra elkarrizketei begirako erabaki bat izatea, Mendebaldeak Moskuri eskatu baitio tropak mugatik mugitzeko.

Ikusi gehiago: Errusiako diputatuek Putini eskatuko diote aitor dezala Donbassko herri errepubliken independentzia

Horretaz aritu zen atzo Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa. Putini esan zion negoziazioen bidea ez dela amaitu, nahiz eta beste aldeak «entzungor» egin dien Kremlinen eskariei. Hori bai, aurrera egiteko, Lavroventzat ezinbestekoa da Mendebaldeak «kontuan hartzea» Kremlinek segurtasunari buruz egin dituen proposamenak.

Nagusiki, Errusiak AEB Ameriketako Estatu Batuei eta NATOri eskatu die aliantza horren hedatzea geldiarazteko Europa ekialdean, Ukraina NATOko kide bihurtzeko aukera baztertzeko, eta aliantza horren tropak, armak eta ekipamendua erretiratzeko 1997an kide ez ziren estatuetatik: besteak beste, Errumaniatik eta Bulgariatik. Konpromiso horiek legez lotesleak izatea ere galdegin zuen.

AEBek eta aliantza militarrak ezezkoa eman zieten eskari horiei, eta Moskuri armagabetzea eta elkarrizketetan sakontzea eskaini zioten. Errusiaren erantzuna prest dago, baina oraindik ez dute argitara atera horren edukia; hori bai, hamar orrialdeko dokumentu bat da, Kremlinek jakinarazi zuenez.

Scholz, pozik

Tropen mugimendua jakinarazi duten egun berean, Putin Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrarekin biltzekoa da. Scholz Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin izan zen atzo, eta Moskuri tentsio militarra baretzeko keinu bat eskatu zion. Gaurko bilkuraren aurretik, berriz, Alemaniako kantzilerrak esan du Errusiaren tropa batzuk mugitzeko erabakia «seinale on bat» dela, eta era horretako «gehiago» espero dituela; NATO ere pozik agertu da, baina zehaztu du «baikortasun zuhur batekin» hartu duela Moskuren erabakia.

Kievek, berriz, bestelako jarrera erakutsi du, eta Dmitro Kuleba Atzerri ministroaren bitartez zera adierazi du zenbait soldaduren erretiratzeaz: «Ez dugu sinisten entzuten dugunean, ikusten dugunean baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.