euskal presoak

Iñigo Gutierrezek espetxera itzuli beharko du, graduz aldatuta

Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak hartu du erabakia, Gutierrezek hirugarren gradua eskuratu eta hiru astera.

Izadi Gurasoekin Etxera plataformak antolatutako mobilizazioa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2022ko otsailaren 14a
17:09
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota du Iñigo Gutierrezi emandako hirugarren gradua, hura Zaballako Gizarteratze Zentrora hurbildu eta hiru astera. Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epailearen gradu erregresio auto bat jaso du Gutierrezek, eta bigarren gradura itzuli beharko du. Naiz-en arabera, epaileak argudiatu du ez diela biktimei «barkamenik eskatu».

Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak erabaki zuen Gutierrez hirugarren gradura aldatzea, Aranjuezko espetxeko tratamendu batzordeak hala proposatu ostean, aho batez. Horretarako arrazoietako bat izan zen Izadi alaba zaintzeko ardura hartu beharra. Hura Maria Lizarraga amarekin bizi zen espetxean —egun, Zaballan dago preso—, urtarrilaren 23an hiru urte bete zituen arte.

Gradu aldaketaren aurka egin zuen, baina, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak, eta haren eskaerei men egin die auzitegiak. Horren arrazoia, ETAren biktimei barkamena modu «argi eta gardenean» eskatu ez izana.

Etxeratek jakinarazi duenez, Gutierrezek 2019an bete zituen zigorraren hiru laurdenak, eta uztailean beteko du osorik hamalau urteko espetxealdia. «Nahikoa arrazoi dira honako hauek Iñigo Gutierrez dagoeneko kalean egoteko», azaldu du elkarteak, eta ulertezintzat jo du Auzitegi Nazionalaren ebazpena: «Presoen eskubideak kaltetzen dituzte, baina ez bera bakarrik, haren familia eta ingurunea ere kaltetuak izaten dira: kasu honetan, hiru urteko neskato bat, une honetan aitaren presentzia eta arreta behar dituena». Izan ere, lehen aldiz gurasorik gabe geratuko da haurra.

Ez da auzitegiak antzeko erabaki bat hartzen duen lehen aldia. Aurreko astean, Jon Crespo euskal presoak Basauriko espetxera itzuli behar izan zuen, iazko urritik hirugarren graduan egon ostean. Irailean, berriz, Unai Fano bigarren gradura itzultzea erabaki zuen epaileak, hirugarren graduan zortzi hilabete egin ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.