Euskara

'Ongi etorri' esamoldeak arazoak sortzen jarraitzen du Espainian

Goya sarien galan euskaraz jarri nahi izan duten izenburu oker batek erreakzioak sortu ditu sareetan.

Goya sarien ekitaldia, "ongi etorri/a" mezuarekin. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2022ko otsailaren 14a
09:48
Entzun

Begiak talo geratu ziren euskaldun asko larunbat gauean Goya zinema sarien ekitaldia telebistaz ikusten ari zirela. Valentzian (Herrialde Katalanak) eginiko ekitaldi hartan, ikusleei ongietorria adierazteko mezua zenbait hizkuntzatan ageri zen, euskaraz ere bai. Euskaraz edo. Akats xelebre bat zeukan euskarazko testuak. Baina, pasadizoaz harago, hizkuntzen arteko harremanen inguruko informazioa ematen du akatsak.

«Benvidos/as» mezua ikusten zen, galizieraz. «Bienvenidos/as» gazteleraz. Eta euskaraz horren ordaina eman nahi izan zuten, baina honela: «Ongi etorri/a».

Akatsak erreakzio soka luzea ekarri du sare sozialetan. «Ongietorriena beti izan da gai konplexua espainiarrentzat», idatzi du Umore Askea txiolariak.

«Egun on/a» opatu die gaur Borxa Ariztimuño filologoak bere jarraitzaileei.

Umoreaz landa, galaren antolatzaileei errespetu falta eta utzikeria egotzi dienik ere egon da.

Baten batek didaktikoa izatea aukeratu du, eta erdaldunei azaldu die euskaraz ez dagoela generorik, inguruko hizkuntza erromantzeetan ez bezala.

Zenbait euskal herritarrek sariren bat jaso zuten ekitaldian. Maria Cerezuela ezusteko emakumezko aktorerik onena izendatu zuten, eta Urko Olazabal, taldeko aktorerik onena. Biak, Iciar Bollainen Maixabel filmean eginiko lanarengatik.

Ez da lehen aldia Espainiako hedabideetan arazoa daukatela ongi etorri esamoldearekin. 2014. urtean, Realak Geronimo Rulli atezaina fitxatu zuenean, ongietorria eman zion klubak Twiterren. Espainiako zenbait kirol hedabideren kontuek ulertu zuten jokalari berriaren izena zela Ongi Etorri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.