UPNko egungo presidente Javier Esparzak jakinarazi du Javier Gomara hil dela. Alderdian «erreferente» izan dela azpimarratu du. «Sendi erregionalistak pertsona maitatua galdu du. Alderdi honen historian rol erabakigarria eta aktiboa jokatu du. Bere bizitza osoan lurralde honenganako maitasuna eta pasioa erakutsi du, eta haren alde lan egin du xumetasunez, zintzo eta uste sendoekin», goraipatu du Esparzak.
Gomara 1927an jaio zen, Etxarri Aranatzen. Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta 60ko hamarkadan Iruñeko zinegotzi izan zen. Diktadura amaituta, trantsizioan hasieran politikan sartzeko asmorik ez zuela aipatu zion BERRIAri, 2017ko abuztuan kaleratutako elkarrizketan. Alta, Causa Ciudadana alderdian hasi, eta 1979aren hasieran UPN alderdia sortu zuen Jesus Aizpunekin eta Jose Angel Zubiaurrerekin batera. Alderdiko lehen presidentea izan zen.
1987tik 1991ra arteko legealdian Nafarroako Parlamentuko presidente izan zen. Alta, legealdi hura amaituta, UPN sortu zuteneko lehen belaunaldi hari lekukoa hartu zion hurrengoak –Juan Cruz Allik eta Miguel Sanzek, batik bat–, eta ordutik bigarren lerrora pasatu zen. Dena den, askotan ikusi da UPNren ekitaldi nagusietan. Esaterako, parte hartu zuen urtarrilaren 14an Esparza hurrengo foru hauteskundeetarako lehendakarigai aukeratzeko Iruña Park hotelean egindako Kontseilu Politikoan, 95 urterekin.
Esparzak, bere agur hitzetan, nabarmendu du foru erregimenaren defendatzaile izan zela, «Espainiaren barruan eta nafarren arteko elementu bateratzaile gisa». Foru Hobekuntzak 40 urte beteko ditu aurten, eta «pena» deritzo Gomarak hori ezin ikustea. «Trantsizioa egin zuten belaunaldiaren ordezkari izan zen. Arduraz, estatu ikuspegiz, elkartasunez eta, Javierren kasuan, politika zerbitzu gisa ulertzen duenaren umiltasunez».